Pasa den apirilaren 29an EHUko Bizkaia Aretoa Paraninfoan, Gure Esku Dago ekimenaren baitan, Juan Jose Ibarretxe, Floren Aoiz eta Gemma Zabaletak hitzaldia eskaini zuten. Guk hiruen hitzaldiak euskarara itzuli eta Iametzak garatutako Aditranskrib tresnarekin aztertu ditugu.
Tresna hau hipertranskribapenetan oinarritutako garapena da. Hau da, multimedia elementu baten transkribapenetik abiatzen da. Kasu honetan transkribapena egiteaz gain, itzulpena ere egin dugu, hitzaldiak gaztelaniaz izan baitziren.
Hala ere, Aditranskrib ez da azpitituluak editatzeko tresna hutsa, nahiz eta horretarako ere baliatu daitekeen. Tresna honen indarra transkribapena multimedia elementuarekin sinkronizatuta izanda, ondorengo lanketa eta partekatze aukeratan dago.
Hizlarien hitzen estatistikak atera eta emaitzak sare sozialetan partekatu
Tresna honek eskaintzen duen aukeretako bat, hitzen estatistikak ateratzea da. Adibidez, proga ezazue zenbat aldiz aipatu duten hizlariek “Independentzia” hitza (“independentzi*” bilaketa eginda probatu daiteke) edo zenbat aldiz “erabakitzeko eskubidea” (“erabakitzeko eskubide*” bilaketa eginda probatu daiteke).
Erabiltzaileak nahi dituen hitz edo adierekin egin ditzake frogak. Bilaketak egiteko argibide guztiak laguntza orrian jaso ditugu. Hala, tresna hau oso erabilgarria da, mahai-inguru eta eztabaidetan hainbat ondorio ateratzeko.
Erabiltzaileek “aurkikuntza” horiek sare sozialen bidez partekatzeko modu erraza ere eskaintzen du tresnak, baita aipamen horiek noiz egin diren erakusten duen estatistika-grafiko bat ere eta hitzaldi edo mahai-inguruaren unerik nabarmenduenak hautatzeko aukera ere.
Popcorn.js erabiliz, hizlarien hainbat erreferentzia aberasteko aukera ere badago. Kasu honetan, Interneteko hainbat lotura baliatu dira hitzaldiak aberasteko. Informazio hori bideoarekin batera ikus daiteke eta klikagarria da.
Iametzak garatutako web aplikazio hau GPLv3 lizentziapean sareratu dugu eta Github-en aurki dezakezue.