Argia Eguneko bidelagunei, esker onez

argia
0

eskertzarako

ARGIA Eguneko (eta asteburuko) biharamunak pasa eta gure eguneroko lanei heldu diegun arren, ez dugu berehala ahaztuko igandean Oñatin bizi izan genuena. Egun ederra ospatu genuen, zuek gabe ezinezko izango litzatekeen festa.

“Hau antolatu duenak zientoka langile behar ditu izan”, dio Lander Arretxea kazetariak Argia Egunaz idatziriko kronikaren esaldi erretorikoak. Langileak ez, ehunka bidelagun egin ditugu Debagoienan, eta elkarrekin egin dezakegunaren hazia erein genuen Arrasateko Argia Egun Txikian eta Oñatiko Argia Egunean.

Txikitasunetik abiatuta gauza handiak lor ditzakegu, baita mundua bera aldatu ere –Galeanoren hitz komunalak erabiliz– , harremanak eginez eta sareak josiz. ARGIA prest dago horren guztiaren parte izateko eta horretarako ezinbesteko zaigu gure proiektu komunikatiboa babestuko duen komunitatea zabaltzea eta sendotzea. Debagoienan emandako urrats txikiak norabidea erakutsi digu.

Mezu honen bidez eskerrak eman gura dizkizuegu festan parte hartu zenuten Argia zaleei eta herritarrei, baita barran, bazkaritan eta ekitaldietan lanean ibili zineten boluntarioei ere (ea ez zaigun inor ahazten!):

Itziar eta familiakoei, Maiderri, Iraitzi, Aratzi, Ikerri, Kepa eta koadrilari, Martini, Garaziri, Iñigori, Iñakiri… eta bere herrian hariak josten aritu den Patxi Irizarri ere bai, jakina. Eskerrak Txatxilipurdiko lagunei jolas hezitzaileen ginkanarekin jarritako saltsagatik eta Lierniri Nendo Dango tailerra dinamizatzeagatik; Gaztelekuari bere etxea okupatzen uzteagatik (mahaiak ahal bezain txukun utzi genituen…) eta Txantxiku ikastolari atarian jarri genion “barrikada” agoantatzeagatik; marrazkilariei eta Jakobari bazkaloste umoretsuarengatik, Ereindajan eta Lur Lan-i elikadura burujabetza otorduro praktikatu litekeela erakusteagatik, eta Musturinea harategiari ogitarteko goxoak zerbitzatzeko emandako erraztasunagatik; eskerrik asko Elkarhezitzen eta Elkar Heziko ikasleei, baita Martin Jauregialtzori ere, herri bazkariko trasteak gora eta behera ibiltzen laguntzeagatik. Arrano elkarteari sukaldeko tresneriarengatik, Kepari txosna Gabiritik Oñatira garraiatzeagatik, Gabiriako gazteei txabolaren torlojuak lehen roundean garaitzeagatik, baita ZerB-eko garagardogileei kañeroari eragiteagatik. Mila-mila esker Oinaztu taldeari eta Oñatiko turismo bulegoari Arrikrutzeko arratsalde magikoagatik, Txirrinkakoei, Natur Eskolari eta Naturzaleen taldeko adiskideei, nola ez, Oñatiko parajeetan barna pedal kolpez emandako irakasgaiengatik, baita iraganera itzularazi zigun Gerardo Elortzari eta bertso eskolako kide Egoitz Aizpuru, Maider eta Unai Arregiri ere. Txokolateixari ibilaldi historiko hura goxatzeagatik. Goiza alaitu ziguten Batukada feministari eta Herrixka Kantuani, eta arratsalde eguzkitsua musikaz busti zuten Perlak, Maria eta Manex, eta Aran eta Lori ere besarkada handi bat. Eta kontzertu aurretik minutuak eta mikroa lapurtu genizkion Ruperri beste bat. Argia Egun Txikia antolatu zuten Arrasateko Jai Zale tabernako EHEko kideei zer esan, bejondeizuela! “Doke” jokoa zer den erakutsi ziguten SUDCk elkartekoei, Xabier Zubizarreta Txiron eta konpainiari ere mila esker, baita Emuneko kideei ere,TELP ikastaroa antolatzen egindako ahaleginagatik. Eragileen azokan parte hartu zuten elkarte eta talde guztiak nola ahaztu: Arrasateko Emakumeen Txokoa, Bilgune Feminista, Euskal Memoria, Intxorta 1937, OlatuKoop, Bizi!, Joxemi Zumalabe, Fracking Ez, Lanki, Andraitz, Topagunea, Eltzia, AED, Ekin, Bagara, Maritxu Kajoi komisiñua, Igeldoko herri kontseilua, Askapena, Ortuzabala… Arrasateko eta Oñatiko gaztetxeetako lagunei ere, biba zuek! Eskerrak Ekoguneari eta Basorlegiri utzitako materialagatik, Lurreko musika taldeari megafonia “ibiltaria” lagatzeagatik, Zumeltzegi Torreari ere bai mila esker, eta Antzari furgonetako kilometro kontagailua dantzan ibili dugulako. Txalo bero bat Oñatiko udal langile brigadakoei desmuntatze lanetan astelehena leundu zigutelako. Eta azkenik, mila esker jaiaren erakunde babesleei (Emun, Eroski, Fagor, Laboral Kutxa eta Mondragon), eta jakina, Oñatiko Udalari, Nereari eta Mikeli bereziki, eskerrik zintzoena etengabeko laguntzagatik eta beren eskuzabaltasunagatik. Eta eskerrak zerrenda luze honetakoen etxekoei, hauek lan egin dezaten zaintza, gidari espiritual, logistika, sukaldari, eta sortzen diren gainerako lanak egin dituztelako.

bukaerako kartela

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA