Axier Lopez ARGIAko kazetariaren agerraldia izango da asteazkenean goizeko 9etan Nafarroako Legebiltzarreko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Batzordean.
Bertan aztertuko dute Espainiako Gobernuak apirilaren 6an Axier Lopezi Mozal Legea medio jarritako 601 euroko isuna. Lopezek Espainiako Poliziaren atxiloketa-operazio baten berri eman zuen ARGIA jarraitzen ari zen albistearen testuinguruan eta Espainiako Gobernuak isuna jarri zion bere Twitter kontuan poliziaren “baimenik gabe” argazkia jartzeagatik.
Lan bileraren xedea izanen da ezagutzera ematea nola ari den aplikatzen Mozal Legea adierazpen- eta informazio-askatasunaren murrizketari dagokionez, neurri hori zein ondorio ekartzen ari zaien mugimendu sozialei eta hedabideei, eta zein bide egon daitezkeen eskubide zibil eta demokratikoak mugatzen dituen lege zuzengabe horri aurre egiteko.
Iragan azaroan, halaber, Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albak ohar bat igorri zion Ahotsa.info-ri legea aplikatzeko mehatxua eginez.
Agerraldia testuinguru egokian egingo da datari dagokionez ere, besteak beste, astearte honetan delako NBEk 1993az geroztik ospatzen duen Mundu mailako Prentsa Askatasunaren Eguna. Nafarroako Legebiltzarrak apirilaren 11n adierazpena onartu zuen, ARGIAri babesa erakutsiz eta Mozal Legea kritikatuz. Joan den astean ere Zumaia eta Barakaldoko udalek babes adierazpenak onartu zituzten Axier Lopezen alde eta Mozal Legearen aurka.