Ongi etorri familiara Elorrioko Gaztetxea

argia
0

Asanblearioak. Horiekin egin dut topo oraingoan. Polita omen litzateke harpidedun berriren bati elkarrizketa egitea, eta Elorrioko Gaztetxearen izena bota didate. E-mail bat daukat eskuartean. Ezagun dut gehienetan posta horiek nola funtzionatzen duten, eta erantzun azkar samarra nahi banuen bide zuzenagoren bat eraginkorragoa izango zela pentsatuta hasi naiz gaztetxeko partaideren baten bila. Lortu dut kide batekin hitz egitea, eta esan dit oso gustura erantzungo dituztela gure galderak; baina asanbladan hitz egingo dutela horretaz, berak ez didala erantzunik emango aurretik taldean erabaki gabe. Eta zer egin behar nion nik, gehiago sakatu berak momentuan erantzun ziezadan? Hala, beraz, gaztetxeko asanblada egin eta erantzun kolektiboa zehaztu zain geratu nintzen.

Pare bat hilabete izango dira Elorrioko Gaztetxea ARGIAko harpidedun egin zela. Baina zergatik? “Gertuko euskarria” egiten zaiela argudiatu digute, “gazteen problematikei begira egiten diren lanketak” gustatzen zaizkiela… ikusirik asanbladako hainbat kidek beren kasa eguneroko albisteak ezagutzeko argia.eus-era jotzen dutela, euskarri fisikora saltoa ematea planteatu dute. Baina noski, harpidedun egitearen erabakia ere asanblearioa izan da, gaztetxeari dagozkion beste erabaki guztiak bezala. Ez da, ordea, azken hilabeteetan egin duten harpidetza bakarra. Udan egindako bilera batean aldizkarien eta egunkarien beharra ikusita hartu zuten ARGIArena bezala beste harpidetza batzuk egiteko erabakia. Horrela, aldizkarien apalean izaten dute gaur egun ARGIA, eta baita gaztetxeko barran bertan ere, norbaitek irakurri nahi izanez gero eskuragarri izan dezan.

Zergatik ARGIA galdetzean ederra da entzutea “informazio sinesgarria” ematen duelako aukeratu dutela. Eta ederra baita ere (interneten geroz eta gehiago ibiltzen banaiz ere euskarri fisikokoa izan naiz beti) aditzea teknologiaren eta abiaduraren mundu geroz eta azeleratuago honetan gazteek baliagarri dutela papera, eta lotzen dutela gainera kolektiboarekin, bakoitzak bere aldetik interneten kontsumitu beharrean guztion artean gaztetxean kontsumitzearekin.

Ongi etorri familiara Elorrioko Gaztetxea!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA