Urriaren 7an laugarrenez egingo dugu Argia Eguna, 2014an berreskuratu genuenetik. Gasteizera joko dugu oraingoan, herri mugimenduaren eta euskaltzaleen taupadaz bizi-bizi dagoen hirira. Alde Zaharra izango da epizentroa, baina Zaramaga aldera eginez hasiko dugu eguna: Martxoak 3 elkartearen eskutik, OroiTour memoriaren bisita gidatuaz gozatzeko aukera izango baita. Parte hartzaile kopurua mugatua da, hori bai; erne beraz.
Pixka bat geroago abiatuko da, GEU elkarteak gidatuta eta Alde Zaharrean, Gasteiz Euskaldunaren Ibilbidea, euskarak hirian duen garrantziaz jabetzeko. Eta aurreko kasuan bezala, komeni da aldez aurretik izena ematea, egitarauan zehazten dugun moduan.
Hortik aurrera, eta aurreko edizioetan bezala, hausnarketarako eta olgetarako tarteak izango ditugu: Argia zaleen topaketa, jolas hezitzaileak, hurbileko produktuekin egindako herri bazkaria, umorea, musika, nortasun agiri arrotzen jaurtiketa honezkero klasikoa… Den-dena, ohi dugunez, bertako hainbat eragilerekin batera elkarlanean ondua. Eskerrik asko haiei.
Hona hemen egitarau osoa:
URRIAK 7, GASTEIZKO LANDATXO GUNEAN (Alde Zaharrean)
10:30 OroiTour, memoriaren ibilbidea, Martxoak 3 elkartearen eskutik. Landatxotik abiatuta Zaramagaraino
11:00 Gasteiz Euskaldunaren Ibilbidea, GEU Elkartearekin. Alde Zaharrean barrena
12:00 Jolas hezitzaileak, Nendo Dango…
12:30 Argia zaleen topaketa
13:30 Gasteizko albokariak
14:30 Bazkaria, produktu ekologiko eta hurbilekoekin. Prezioa: 15 euro (12 euro langabetu, langile prekario eta ikasleentzat).
16:30 Monologoa: Mirari Martiarena
17:30 Euskal Herriko IV. Nortasun Agiri Arrotz Jaurtiketa lehiaketa
19:00 Kontzertuak (Gaztetxean):
Txalainak (Hertzainak-en bertsioak)
Jon Basaguren
*Ibilaldi gidatuetarako eta bazkarirako izena emateko, deitu 943-37 15 45 telefono zenbakira edo idatzi komunitatea@argia.eus helbidera
2 Iruzkin
[…] taupadaz bizi-bizi dagoen hiria. Bertako talde eta lagunekin prestatutako egitaraua zein den azaldu dizugu hemen. Ibilbide gidatuek emango diote hasiera egunari, Gasteizko historia beste ikuspegi batez ezagutzeko […]
[…] ARGIA Eguneko egitaraua prest dago, eta une berezienetakoa izan ohi da herri bazkaria. Gure proiektuarekin bat egiten duen elikadura burujabetzaren balioetan oinarriturik, argiazaleak eta lagun ditugun elkarte eta eragileetako jendeak izaten dira protagonista. Urriaren 7an hurbileko jaki ekologikoekin osaturiko menua prestatu dugu 200 lagunentzat Gasteizko Alde Zaharreko Landatxo kirol gunean, hainbat hornitzailerekin dugun elkarlanari esker. Jaten eta edaten duguna baikara. […]