Kazetaritzaren independentzia babes dezagun autoritarismotik

argia
0
En Peu de Pau desobedientzia zibilaren aldeko taldeak Catalunya Radioren aurkako erasoak salatzeko ekimena egin du urriaren 30ean.

Espainiako Gobernuak, PSOE eta Ciudadanosen babesarekin, Kataluniako instituzio publikoen kontrola bereganatzeko mehatxua egin du. Tartean, TV3, Catalunya Ràdio eta Agència Catalana de Notícies (ACN) hedabideen funtzio publikoa deuseztatu eta kontrol politikoa ezarri nahi diete. Euskaldunon Egunkariaren bortxazko itxieratik hona, Espainiako erresuman adierazpen, informazio eta prentsa askatasunaren aurkako erasorik gordinena da.

Euskaraz, galegoz, katalanez, aragoieraz… hizkuntza gutxituren batean lan egin duen hedabide orok sufritu du, maila batean edo bestean, Espainiako nazionalismo baztertzailearen presio edo oztoporik. Garaian garaiko erregimenaren interesekin bat egiten ez duen jardun periodistikoaren aurkako presio eta erasoak ez dira berriak. Euskal Herrian, kazetaritza konprometitua egiteak oso prezio handia izan du ehunka lagunentzat; Egin, Egin Irratia, Ardi Beltza, Kalegorrian, Euskaldunon Egunkaria, Gaztesarea, Apurtu.org edo Ateak Ireki-ko kide eta langileak testigu.
Orain, Kataluniako hedabide publikoak interbenitzea justifikatuko lukeen kontakizuna sortzeari ekin diote. Katalanez funtzionatu eta Kataluniako begirada duten kate publikoak. Urtetan erakutsitako profesionaltasunagatik lortu dute Estatuko beste edozein hedabide publikok lortu ez duena: gizartean, ezkerretik eskuinera, askotariko sektoreen oniritzia eta errespetua. Rara avis bat, tokian tokiko aginte politikoaren prentsa-bulego izatera murriztu diren hedabide publikoen itsasoan. Erreferente dira kalitatezko albistegien eta entretenimenduaren arloan.

TeleMadrid-en manipulazioa aztertu dute Europako parlamentuan, Valentziako Irrati eta Telebista publikoa itxiarazi zuten ustelkeria kasuek eragindako zor ekonomiko neurrigabekoengatik, RTVEko albistegietako kontseiluaren eta langileen protestak etengabeak dira zentsura eta dirigismoa salatuz. Baina Espainiako gobernuak jo-puntuan dituen hedabideak dira Katalunian, 7 urtez jarraian, ikusienak izan direnak. Salbuespenezko garai hauetan, datu hau kontuan izan gabe ezin da ulertu prentsa askatasuna bahitzeko Espainiako gobernuaren saiakera.

Kazetaritzaren independentzia babesteko garaiak dira; Kataluniako hedabide publikoei, kazetariei eta, oro har, herritarrei elkartasuna adierazteko egunak. Baina, guregatik ere egiten dugu. Euskal herritarrok ere, demokratikoki eta bide baketsuak erabiliz, noizbait, gure etorkizuna erabakitzera heltzen bagara, aurrean zer izango dugun erakutsi diolako mundu osoari Espainiako erregimenak.
Botere ekonomiko eta politikoarekiko morrontzarik gabekoa da kazetaritza zintzo bakarra. Horregatik, txalotzekoa da TV3, Catalunya Radio eta ACNko langileen erantzuna: ez dute onartuko Espainiako Gobernuak inposatutako zuzendarien agindurik, herritarren, instituzioen eta hedabideotako langileen iritzia eta nahiaren aurkakoa delako.

Mozal Legearen mehatxu eta isunen aurrean esandakoa berriz diogu orain ARGIAko kideok: jarrai dezagun informatzen, hemen eta Katalunian, inori baimenik eskatu gabe. Estem amb vosaltres.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA