Euskararen biziberritze prozesuaren balioak hitzaldia antolatu zuen Agirre Lehendakaria Zentroak martxoaren 20an Bilbon, EHUren egoitzan. 40-50 urteko ibilbidea duten lau proiektu hauek kontatu zuten, nork bere esperientziatik, zein hiru baliok lagundu dien enpresa aurrera ateratzen: Elhuyar, Ikastolen Elkartea, Elkar eta ARGIA. Azpimarratu zituzten ideiak Gaitzerdi blogeko kronikan irakur ditzakegu.
Sei balio nagusiak
Hitzaldi honen oinarrian, Elhuyarrek euskalgintzako lau proiektu hauek ikertuz egin duen lana dago; enpresa bakoitzaren ibilbidean gakoak izan diren hiru prozesu aztertu dituzte eta elkarren artean dauden antzekotasunak bildu.
Jon Abril Elhuyarko kideak azaldu zituen ikerlanaren ondorioak: “Lau erakundeetan sei balio nagusi nabarmentzen direla ikusi dugu: Burujabetasuna eta autonomia; konpromisoa, izaera militantea; elkarlana (arreta deitzeko neurrikoa da); barne demokrazia; erresilientzia, egoeretara egokitzeko gaitasuna; eta berdintasuna, pertsona eta langileen zentralitatea”.
Euskalgintzako enpresa hauek bete betean “berrikuntza irekia”ren paradigman koka daitezkeela azaldu zuen: “Helburu argia eta definitua dutelako; ekosistema bizi eta malguak dira; pertsonen konpromisoa eta garapena handia da; lidergo partekatuak dira; elkarlana egiten dute kanpoko eragileekin; eta ezker-eskuin jokatzeko gaitasuna dute, oreka bilatuz ekonomikoki aurre egiteko beren helburu sozialari”.
Ekosistema konplexua, zorionez
Abrilek azpimarratu zuen euskalgintzako proiektu hauen bereizgarria dela konpetentzia eta kooperazioa, biak uztartu dituztela biziraupenerako: “Sarri entzun dugu erakunde gehiegi ote garen, jo behar ote genukeen ekosistema xinpleago batera. Lan honetan ikusten da nahiz eta lehiatu behar izan dugun momentu batzuetan, aldi berean gaitasuna izan dugula kooperatzeko, euskara helburu jarrita. Horrek lagundu du ekosistema aberatsagoa sortzen, berritzen eta egokitzen… Ekosistema sinpleago bat, erakunde gutxiagorekin eta lehiarik gabe defendatzeko argudiorik ez dago. Alderantziz, esperientziak erakusten du ekosistema konplexuak ahalbidetu duela euskara biziberritzea. Horrek ez du esan nahi kooperazioan aurrerapausorik eman ezin denik”.