[Itsaso Zubiria Etxeberria] Deskontuan idatzi dio kazetariak diseinatzaileari mezua. Azken minutuko azken jokaldian atezaina kornerra errematatzera igotzen den moduan. Eta ez zaio arraroegia egin, asteroko sestra baita diseinatzailea maketaziorako testuaren beharragatik kazetariaren atzetik ibiltzea. Baina jasotako mezuan ez du aldizkarirako edukirik jaso. Oraingoan berari tokatzen zaio galderak erantzutea, bera da elkarrizketatua. Sergio Labrador (Urnieta, 1977), ARGIA eta Antzako diseinatzailea.
2005etik ari da Sergio Antza inprimategian lanean eta astekaria diseinatzea zen (eta da) bere lanetako bat. Baina hasiera batean aldizkariaren diseinua bakarrik zena pixkanaka ARGIAri sortzen joan zaizkion diseinu-lan gehiago izatera pasa da, eta azken denboretan jardun erdiz Antzarentzat eta beste erdiz ARGIArentzat aritu da lanean. Orain, baina, Txinara doa denboraldi baterako, eta ale honen diseinuarekin batera esan digu gero arte.
Irakurleak testua irensteko kazetari txukunaren luma bezain garrantzitsua zaigu itxura. Begietatik sartzen zaigun lehen gauza. Begiratu batean iruditzen zaiguna. Astekaria erakargarri eta irakurterraz egitea da diseinatzailearen lana. Edukia eta estetika bateratzea. Lan nekeza. Agian lurtarron begietara ezer esan nahi ez duten makina bat detaileren arduradun, amaierako lana detaile txiki guzti horiek aldatzen dutela jakitun. Baina zer da denok buzoia ireki eta ikusten dugun estreinako irudia? Azala. Eta azken denboretan bere eskuetatik pasa ohi da astero. Horretarako ordena: gaia, irudia eta titularrak. “Azal potentea lortzeko elementuen harmonia behar da”, dio diseinatzaileak; “azalak deigarria izan behar du eta horretarako irudia da osagai nagusia; baina titularra ere oso garrantzitsua da eta niretzat sujerentea eta zuzena izan behar du”.
Astekariaren azken diseinu aldaketaren buruetako bat izan da urnietarra, eta “diseinu korrektoa, batez ere garbia” dela dio. “ARGIAk argitaratzen duen informazio mota eta kopurua kontutan hartuta, diseinua eta edukia nahiko orekatuta ikusten ditut”.
Ez da betirako agur bat, eta berriz ere, bixitan bada ere, Oria inguruan ikustea espero dugu. Gozatu esperientzia, Sergio. Xie xie!
1 Iruzkin
[…] Zubiria Etxeberria] Sergio diseinatzaileari agur esan genion pasa den urrian, baina ez diogu orain arte inori ongi etorririk egin, eta aldizkariaren […]