“Gogorkeriaren aurka gogortasuna”

argia
0
ARGIA Jendea bazara, eskatu eta disko historiko hau jasoko duzu. Egin eskaera ARGIAren Azokan eta Durangoko Azokan, ARGIAren postuan.

 

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Horixe zen leloa. Aitortu beharra daukat, hemerotekara joan behar izan dut 1968an Derion izandako okupazioaren inguruko memoria freskatzeko. Ez guztiz ezezagun nuelako historia, 60 apaiz ingururen Seminarioko itxialdia. Badakit bateren batek esango duela “oraingo gazte hauek ez dute gure herriaren historia ezagutzen”, baina datuen beharra neukan. “Eta apaizen itxialdiaz ari dela ez al du aipatu ere egin behar Gogor?”, ariko da pentsatzen gazteari maldizioka ari dena. Bada bai, horretara noa.

Gogor binilo originalak heldu dira ARGIAko erredakziora, “bere portada eta guzti”, esan diote gazteari. Honi, berriz, diska haren kontua ezagun bazaio ere, arrastorik ere ez du “portada mitiko” hartaz. Hortik hasi da bilaketa. Frankismoaren aurkako borrokaren ikurretako bat bilakatu zen kantu-sorta debekatu hura, 1968an Derioko Seminarioan euskal apaizek herriarekin bat egingo zuen eliza aldarrikatzeko egindako itxialdiaren testigantza uzteko sortua; han kantatutako abestiak, bertsoak… Hegoaldean grabatu eta Baionako Agorila diskoetxeak argitaratu zuen 1969an, baina klandestinitatean zabaldua izan bazen ere, sutondo askotara heldu zen Gogor.

Franco oraindik ere bizi-bizirik zela, zenbait lekutan ondo gordeta geratu ziren disko hauetako asko. Kili-kili aldizkariaren Bilboko Artekaleko egoitza zaharrean topatu dituzte 700 ale baino gehiago, erdoildutako alanbrez itxitako kaxatan sartuta. LPak ez dira 1969. urtetik armairu hartan egon. Burdina lantzeko Basauriko lantegi bateko pisu handiko mahai baten ezkutuko gordeleku batean pasa dituzte urte gehientsuenak, eta Iñaki Egurrolari (Euskerazaleak elkarteko kidea) eman dizkiote.

ARGIAri eman dizkiote orain, 50 urteren ondoren, frankismoaren errepresioaren ondorioz egiteke geratu zen lana amaitzeko. ARGIAk bere komunitatearen artean banatuko ditu biniloak, borroka antifrankistaren ikur garrantzitsu izan zenaren 50. urteurrena betetzen den honetan. ARGIAren Azokan egongo dira eskuragai ARGIA jendearentzat, eta Durangoko Azokako stand-ean ere banatuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA