ARGIAk ez du zuzendaririk izango aurrerantzean, barne antolaketa horizontaltzen jarraitzeko asmoz

argia
3
Argazkia: Dani Blanco.

Estitxu Eizagirre Kerejeta ez da ARGIAko zuzendari izango aurrerantzean. Eizagirrek berak proposatu du zuzendari figura kentzea eta lan taldeak aho batez hartu du erabakia. Barne antolaketa horizontalagorantz azken urteetan egiten ari garen prozesuan beste urrats bat izango da. Zuzendariaren lanak talde osoak hartuko ditu beregain, ordezkaritza kolektiboa osatuz.

Proiektuak 100 urte bete dituenean, zuzendaririk ez izatea erabaki du ARGIAk. Langile guztien artean soldatak berdintzea, ardurak banatzea, enpresa osoari eragiten dioten gaiekin lan taldeak osatzea eta zuzendaritzari txandakako izaera ematea izan dira azken urteetako pausoetako batzuk. ARGIAren jabetza langileena da, eta langileek hartzen dituzte erabakiak.

Pertsona bakarrean oinarrituriko ardurak saihestuz, Euskal Herriko hedabide nazionalen artean bakarretakoa izango da ARGIA zuzendaririk gabe. El Saltoko lagunek esaten duten bezala, “bestelako kazetaritza bat egiteko modu bakarra, ezberdin funtzionatzea da”.

 

Bultza kazetaritza independentea

Munduan bakarra den harpidetza eredua du ARGIAk indarrean, herritar ororen informatzeko eskubidea aldarrikatzeaz gain, hori lortzeko asmoz sorturikoa. Egoera ekonomikoa ez dadin inorentzat oztopo izan. Dena salgai jarri duten garaiotan, informazioa ez dezaten pribilegio bihurtu. Horregatik ARGIAren alde ahal duzun eta egoki ikusten duzun diru ekarpena egin dezakezu, eta bueltan nahi duzuna jaso: astekaria astero, bi astean behin, hilero, internetez jarraitu eta paperean ez hartu… Elkartasuna ardatz hartuta, komunitateak elkar eusten du hemen.

Lanean ilusioz jarraitzeko erregaia da azken urteetan ehunka eta ehunka bidelagun berri gurera nola batzen ari diren ikustea eta sentitzea. Noiz eta paperaren krisiaren erdian, noiz eta hedabide askoren sinesgarritasuna aspaldi ez bezala ezbaian dagoenean. Mendeurrena proiektu hau sendotzeko baliatu nahi dugu. Lagun gehiagorengana heltzeko. Eragiten jarraitzeko.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA