Xanti Zabala “Lexo”ren emaria

argia
2

[Miren Osa Galdona] Zeruko Argia-n 60ko hamarkadatik aurrera eta ARGIA “berriaren” lehen hamarkadetan idatzizko bertsoak argitaratzen ziren astero. Xanti Zabala Lexok, aldizka baina hogei urtez jardun zuen kolaboratzen, 1967tik 1987ra eta 40 bertso sorta jarri zituen. Gai zorrotz eta zehatzak aukeratzen zituen eta bertso umoretsu nahiz hunkigarriak idazteko joera zuen. Azken hauen adibide dira zendu berritan Uztapide lagun zaharrari eta bere amari eskainitako bertsoak. Euskararen defendatzaile sutsua zen Lexo, eta hitz gogorrak erabili izan zituen, esaterako, erdara hutsean ziharduten herritarren aurka; Euskaltzaindiaren hainbat erabakirekin ere ez zen batere ados egon, eta hala adierazi zuen ARGIAn argitaratutako bertsotan 1983. urtean.

2012an hil zen Irunen, eta omenaldia egingo diote Hondarribian martxoaren 16an (irakur Itsaso Zubiriaren artikulua). Besteak beste, Zeruko Argiari agur esanez argitaratu zuen sortatik bost bertso kantatuko dituzte egindako lanaren aitortza gisa. 1980. urtekoak badira ere, gaur egun ere berdin kantatu daitezke. Hemen sorta osorik:

 

1

Zeruko Argiaren
hiletara nator,
ama bat hil denean
bezalaxe jator.
Zu zer izana zaren
gaur nahi nuke aitor:
nire espresioen
oihartzun emankor.
Eskertu nahi nizuke,
badizut hainbat zor.

 

2

Orain hogei bat urte
lehenengo bertsoak
agertu zenizkidan
zabalduz besoak.
Batzuek gazi eta
besteak gozoak,
astindutzen baikaitu
bizi-erasoak.
Ez zenidan ez gutxi
lagundu gaixoak.

 

3

Hainbat urtetan zehar
izan dut nik babes,
niretzako etzinen
gertatu aldrebes.
Baina beti bizitzen
ez dago hain errez,
eta egin diozu
biziari ihes…
Ondorena utziaz
ama zu hil aurrez.

 

4

Euskaraz eman duzu
betitik notizi,
hainbat euskalduneri
eginaz gutizi.
Euskal prentsa, halere,
ezin ongi bizi,
izan ere nork egin
dizugu girizi.
Kulpa botzen erraz da
Madril ta Parisi.

 

5

Ez diet horieri
kulparik kenduko,
baina gurea ere
ezin hemen uko.
Horrela galdu dugu
zenbait lagun urko,
erremedio gabe
egin dute lur jo.
Euskal Herriak ez du
horrenbeste lujo.

 

6

Kontzientzi atean
jo nahi dut aldaba,
gure egoera hau
bidezko al da ba?
Euskara zain dezagun
inondik ahal bada,
Zuberoko ertzetik
jo arte Araba.
Ea berpizten dugun
seigarren alaba.

 

7

Denok ere badugu
berpizteko ordu,
lan zale dagoenak
galtzak bete hor du.
Hartu al bageneza
noizbaite akordu
eta euskara hizkuntz
orokortzat lortu
Euskal Herri barkoak
hori baitu portu.

 

8

Zeruko Argia hil
hau destino latza,
zaindu ez dugulako
euskaldun baratza,
sarritan egin duzu
karraxi garratza,
esanez “euskara da
herriko ardatza”
etorkizun ogian
legami ta gatza.

 

9

Ama, hil zara baina
alaba hor dago,
ausarditsu jokatuz
jo digu hordago.
ARGIAk izan beza
laguntza gehiago,
gure etorkizuna
bestela akabo.
Beti beharko dugu
erdaran esklabo.

 

10

Eragozpenak beti
dira eragozpen,
baina asmo beroak
ezin utzi hozten.
Jakinik ere zenbat
zailtasun dagozten,
hartutako bidea
honezkero nork ken?
Orain ARGIA zugan
daukat itxaropen.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA