Euskaltzaindia: Ehun urteko bidelaguna

argia
0
Isaac Lopez Mendizabal idazlea Euskaltzaindiarekin bildu zenekoa, 1966ko uztailean. Argazkia: Argiaren artxiboa.

[Miren Osa Galdona] Espainiako Gobernuko presidenteak euskararen akademiara egindako bisitak eraman zuen Euskaltzaindia aurreko asteetan hedabideetako lehen lerroetara. Pedro Sánchez izan da Euskaltzaindia bisitatu duen Espainiako lehen estatu burua erakundeak martxan diharduen 100 urteetan. Aitzakia franko izango zituzten aurreko agintariek hitzorduari muzin egiteko; ordea, “denbora falta” ez dirudi azalpenik egokiena ausentzia justifikatzeko.

100 urte bete ditu aurten Euskaltzaindiak. Ibilbide oparo bezain malkartsua izan dela pentsa daiteke, izan ere, maiz jarri ohi da fokua Bilboko Plaza Barriko egoitzaren teilatupean. Euskara batuak gaur egun ere gudu-zelai izaten jarraitzen du, eta tartean badira duela 50 urteko hari-mutur berberei tiraka eztabaidatzea zaletasun bilakatu zaienak.

H-a euskarazko idazkeran txertatzea orduko hartan Euskaltzaindiak proposatu zuen berrikuntzetako bat zen, hainbat euskalkietan idatzi ez ezik, ahoskeran ere erabiltzen zela argudiatuta. Zeruko Argia hasieratik agertu zen euskara batzearen alde, astekarian idazten zuten guztiak iritzi berekoak izan ez arren.

Miren Jone Azurza zen 1968ko Zeruko Argiaren zuzendaria, eta berak ere ez zekien H-ari nondik heldu, baina argi zuen euskararen akademiak hala egitea bazioen ez zela alferrikako aholkua izango. “Euskaltzaindiako buruek hori bazioten (H-a ezarri behar zela), Zeruko Argiak ere bai. Garai hartan jauzi handia egin zen hizkuntzaren garapenean: historiaurretik euskara nahiko normalizatu batera iragan ginen”, zioen 2009an Argiari eskainitako elkarrizketan, euskara batua onartuz eta Euskaltzaindia babestuz.
Elkarren bidelagun izan dira bata bestearen jardunean: alde teoriko-akademikoa eskainiz Euskaltzaindia, alde praktiko-komunikatiboa emanez ARGIA. Euskaltzaindia da lehentasunezko iturria ARGIA idazterakoan, bai hitzak nola idatzi, bai gramatika arauak eta gomendioak, bai toponimian: Euskal Herriko herriak nola idatzi, bai atzerriko herrialdeak… Puntu honetara iritsita, onartuko ote digute elkarri #mendeurkide deitzea? Erantzunaren zain geratuko gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA