Ziburuko I. Euskal Liburu eta Disko Azoka: Durango dardarka

argia
0
Adur Larreak egin du afixa.

[Itsaso Zubiria] Bidasoaz bestalde marea gora dator. Ziburuko I. Euskal Liburu eta Disko Azoka antolatu dute Baltsan Elkarteak eta ARGIAk, eta helburua garbia da: eskualdean euskaraz bizi nahia sustatu eta indartzea, ARGIAren 100 urteak profitatuz proiektu komunikatiboa inguru horretan ezagutaraztea, eta bide batez, aspaldian buruan zuten elkarlana abiaraztea. Ez ahaztu data, ekainaren 1a, larunbatarekin.

“Nola azalduko diot irakurleari zer aurkituko duen Ziburuko plazan ekainaren lehenean?” galdetu diot Ladix Arrosagarai Baltsan elkarteko kide eta azokaren antolatzaileari. Erantzunak sinplea dirudi lehen esaldian, galdetu beharko ez banio bezala. “Euskara hutsezko ekoizpenak, liburu, disko, komiki edota mahai-joko eta DVD. Helburua euskaraz bizitzea sustatzea baita, euskaraz irakurriz eta gozatuz”. Baina badu bigarren zati bat: “Eta aurkitu bezainbat espero dugu jendeak ekarri eta utziko duela ere zerbait: plaza euskalduntzea, hiriaren bihotzean euskal giroa nagusitzea bi aldeetako euskaldunak elkartuz. 100 urte betetzen dituenari beste honenbestez jarrai dezan animoak emateko manera ederra!”. Polita, ezta? Eta are politagoa jarraipena: “guztiz naturalki jo du Baltsan elkarteak Argiarengana azoka hau antolatzeko. Batek Ziburuko txokotik amesten duen Euskal Herria, astero ari baita bestea euskaratik eta euskaraz gauzatzen, tipitik eraginez, kazetaritzaren independentzia jorratuz. Euskalduna, herrikoia, solidarioa eta burujabea: baltsan (komunean) ditugun baloreak dira”.

Baltsan Elkartea

Badira zazpi urte elkartea sortu zela bi helbururekin: Ziburun euskara nagusiki erabiliko den gune bat sortzea (bil txoko moduan) eta herriko animazio sozio kulturalean parte hartzea beti ere euskararen erabilerari lehentasuna emanez (elkarte moduan). Bazkideekin funtzionatzen du eta badituzte hirurogei bat. Euskarazko ekitaldientzat “gune erreferentziala” bihurtu dela aitortu digu elkarteko kideak.

Hamazazpi argitaletxek onartu dute azokan izateko gonbita, eta beraz, izango da zer irakurri eta entzuna.

ARGIAko lantaldetik esker hitzak besterik ez dira geratzen Ziburuko lagunentzat, plazer bat baita horrelako ekimenak baltsan egitea. Biba zuek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA