Iñaki Sanz-Azkue, bertako espezieen dibulgatzailea

argia
0
Argazkia: Elhuyar.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Iñaki Sanz-Azkue Argiako kolaboratzailea zoriontzeko tartea hartu dugu ale honetan, zientzia-kazetaritzaren arloko CAF-Elhuyar Saria irabazi berri baitu, zergatik eta ARGIAren Sagarrondotik aldizkarian plazaratutako Hegaztiak, erleak, zomorroak… Sagastien zaindari txikiak erreportajeagatik.

Esaldi batean laburtu dit egindako lana: “Sagastietan geroz eta bioaniztasun handiagoa izan, orduan eta hegazti eta zomorro aberastasun handiagoa izango du eremuak; izurrite gutxiago jasango ditu, polinizazioa altuagoa izango da eta, ondorioz, uzta hobea lortzeko aukera edukiko dugu”.

Bi urte paseak ditu astekari honetan kolaboratzen hasi zenetik, biologoa bera, eta argitaratutako lanen errepasoa egiten baduzu ohartuko zara Euskal Herriko espezieak eta gaiak dituela maite. Sagarrondotik aldizkariko erreportajea saritzeko ere, inork aitortu omen dionez, baloratu dutela bertakoaz hitz egitea. Bertakoaren jakintza dibulgatzea. Bertakoa modu zientifikoan aztertu eta proposamenak egitea. “Bertako produktuari geroz eta garrantzi handiagoa ematen diogula dirudi, eta lan honekin ahalegindu naiz zientifikoki azaltzen nola indartu dezakegun, zuku gehien nola atera diezaiokegun inguratzen gaituenari”, azaldu du Sanz-Azkuek.

Bertakoa nola lagundu globalizazioaren aurrean?

Egin dezagun ariketa txiki bat: zerrendatuko ditugu minutu batez burura datozkigun animalia guztiak. Eta orain zerrendari begiratuta, hasi erreparatzen horietatik zenbat diren bertakoak eta zenbat exotikoak. Geroz eta mundu globalizatuago honek ekarri dizkigu gure liburuetara kanpoko, batez ere ugaztunen irudiak, animalia koloretsuenak, beldurgarrienak, deigarrienak. Baina honek dakar gure iruditeriatik, gure jakintzatik bertakoa kentzea. Ez ditugu bertako espezieak baloratzen. Eta horrek kontserbazioan eragin handia izan lezake, belaunaldi oso batek ez badu animalion ezagutzarik.

Baina ahanztura horren arriskuarekin penatuta geratu beharrean, ekitea hobe, ala? Karta-joko bat prestatzen ari dira Argia, Aranzadiko kide den Iñaki Sanz-Azkue bera, Lore Erriondo EHUko pedagogoa eta Eñaut Aiartzaguena ilustratzailea. Euskal Herriko zazpi ekosistema oinarri hartuz bertako espezieak ezagutuz jolasteko aukera emango du karta jokoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA