[Koldo Izagirre] Hamabi soken oholtzara ausartu zenez geroztik, hogeita zortzi borroka irabazi zituen bata bestearen ondotik, aurkariak K.O. etzanarazita. Basarrik esplikatu zuen bezala, lehia garbian irabaziko lukeenak galdutakoan gertatzen da tongoa, gure mutilak ez zeukan inolako errurik aurrean jartzen zizkiotenek “lur jo beharra” baldin bazuten. Harritzekoa ote zen harriak jasotzen halako indar harrigarria erakutsi zuen euskaldunak “haizeak orbela bezala” astintzea ukabilka ausartzen zitzaizkion ergelak?
Boxeoa herri apustu bilakatu genuen.
Urtainek ez zuen Zeruko Argia-ren portadarik merezi izan 1970eko martxoan Europako txapela jantzi zuelarik, bai ordea orrialde beteko kronika hiru argazkirekin eta editorial bat osorik.
“Europa aldera zure besaindarra baino zerbait gehiago zabaldu behar duzu”.
“Erakus iezaiozu Europari baduela bere barruan herri txiki bat”.
“Erakus iezaiozu herri hau aintzakotzat hartzen, babesten, zaintzen eta suspertzen”.
Jatortasuna, gure kazetaritzaren gaitz luzea. Alabaina…
“Urtainek egingo du guztion borroka. Gainontzekoak, begira besterik ez”.
Titulua: Urtain, Euskal Herriaren opioa. Egilea: Rikardo Arregi. Non: Zeruko Argia-n bertan.