[Miren Osa Galdona] “Euskal sukaldaritza berria” askorentzat kontzeptu berriegia zen garaian hasi zen Karlos Argiñano Zeruko Argian errezetak idazten. Bai, irakurleok: hamarkadak igaro arren eguerdi tartean txisteak kontatzen diharduen, bizitzari perrexila jartzen jarraitzen duen, eta han-hemengo enpresa buru bilakatu den zarauztarrik ospetsuenak Zeruko Argian egin zituen publiko lehen errezetak. Euskal Herrian sukaldaritza tradizionalak zein loratzen hasi berria zen ildo abangoardistak erakarrita, irakurleentzat errezetak biltzen hasi ziren Okendo Kaleko erredakzioan. Joxemi Zumalabek eta Elixabete Garmendiak lotu zuten tratua Argiñanoren jatetxean eta 1979ko ekainaren 17ko aldizkarian argitaratu zen Argiñanoren lehen artikulua. Oraintxe duela 40 urte.
Bi aste lehenago, ekainaren 3an, Guardia Zibilak tiroz hil zuen Gladys del Estal ekintzaile ekologista, Tuteran, protesta batean. Gladys del Estali eskaini zizkion artikuluko lehen hitzak zutabegile estreinatu berria zen Argiñanok, asteko errezeta azaldu aurretik: “Sukaldaritzan gabiltzanok ere ezin herrikoi kezketatik at ibili. Honako hontan Gladys del Estal izan dugu lur garbi eta herri libreago baten alde burrukatzeagatik erail digutena. Gladysen homenez bere izena eramango duen jaki berri batekin hasiko gara: hontoekin betetako piper gorriak “Gladys”.
Ekintzaile ekologistaren izena darama beraz Zeruko Argiaren lehen sukalde errezetak, Karlos Argiñanok sinatuta. Zer izango ote du esateko perrexilaren showmanak? Galdetu egin beharko zaio! Bitartean, hona Gladysentzat eginiko piper-beteak egiteko azalpena:
“Lau pertsonentzat har itzazu hamabi piper gorri pikodunetakoak. Hontoak 300 gr, tipulak bi eta baratzuri bi ale. Tipula eta baratzuria txikiturik prejitzen jarri oritu harte. Orduan ainatu hontoak puska txikitan. Gatza bota eta sei edo zortzi minututan, hontoak egin bartean, bertan eduki. Piperrak bete ditugularik irinetan eta arrautz batitutan pasa eta prejitu. Beste ontzi batean taza bat salda berotu. Piper beteak, prejitu ondoren, ontzi hontan sartu eta hamar minutu irakitzen eduki. Baldin eta legorregi gelditzen ba da salda gehiago ainatu. Beste alde batetik eskukada bat ogi xehetu baratzuri eta perejil txikituarekin nahasi eta ontzian daukagunaren gainean bota. Bost bat minutu labean sartu eta prest. On egin dezaizula!”.