[Itsaso Zubiria Etxeberria] Enpresa bakoitzak izaten du, kanpoan jateko ohitura badute behintzat, bazkaltzeko leku maiteren bat. ARGIAko lantaldeak Oria Txiki tabernarako joera du, Lasarte-Orian bertan, lantokitik metro gutxira. Han izan naiz aspaldiko partez, otorduetako karta berritu duten aitzakian, eta zer bazkaldu erabakitzen ari nintzela han agertu zait: Argia ogitartekoa.
Karta irakurtzen segi dut eta konturatu naiz inguruko zenbait enpresaren izenak jarri dizkietela eskaintzen dituzten ogitartekoei. Tartean dira ARGIAren batera Ametzagaña Taldea osatzen duten Iametza, Adur eta Antza ere. Ezin izan dut aguantatu, galdetu egin diot nagusiari zergatia. “Eskerrak emateko modu bat da”, erantzun du Kontxik. Eguneroko bezeroak dira ogitartekoen izenetan agertzen diren enpresak eta “emandako konfidantzagatik eskertuta” daudela adierazteko era izan da hau. Aitortu du, penaz, eguneroko bezero diren norbanakoei ezin izan diela horrelako keinurik egin, baina ohituraz gerturatzen zaizkion taldeei behintzat lortu duela errekonozimendu bat ematea.
Bederatzi dira denera, kartan irakur daitezkeen inguruko enpresak. Edozein lekutan topatu ezin diren ogitartekoak dira. Batzuen kasuan enpresa horretako norbaitek eskatutako errezetak dira. Beste batzuk, berriz, Kontxik berak sortuak. Baina denak ere arrakasta izaten ari dira, karta berria martxa onean hasi da.
Argia ogitartekoa, esaterako, lantaldeko lagun batek sarri eskatu izan duena da. Dastatu nahi? Oria Txikira gerturatzea besterik ez duzu. Eta akaso, normalean bertan izaten direnez, ARGIAko kideren batekin egoteko aukera izango duzu.
Zenbat aldiz errepikatu ote dugu “eman eta hartu” kontzeptua… Eta hau ere halaxe da. Hau ere komunitatea da. Oria Txiki ere ARGIA Jendea da. Harpidedun dira, gainera, eta denen eskura izaten dute beti aldizkaria. Kontxi bera euskaraz dakien pixka hori erabiltzen ahalegintzen da eta ARGIAko lantaldeak euskaraz funtzionatzen du berarekin. Euskaraz bizitzen laguntzen du.
Eskerrik asko zuri, Kontxi, euskarazko kazetaritza independentea egunero elikatzeagatik.