Gobernuz kanpoko jendea

argia
0
Tomas eta Mertxe zumaiarrek Mamadou Ouryren elkarrizketa irakurri zuten ARGIAn eta Ginea-Konakryko eskolari ekarpena egitea erabaki. Argazkia: Axier Lopez.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ezohikoa izan da aste honetan jaso dudan albistea. Mertxe eta Tomas bikote zumaiarrak Ginea-Konakryn eraikitzen ari diren eskola baten gastuak osatzeko dirua jarri dute eta, proiektua ARGIAren bidez ezagutu dute. Gogoratzen iragan irailean Mamadou Ouryri egindako elkarrizketa?

Ouryk kontatu zizkigun Europara heltzearen amets(gaizto)a, hemengo ibilerak, arrazismoa, bazterketa… Kontatu zigun, baita ere, haren jaioterria den herrixkan ez dela eskolarik izan orain arte, eta eraikitzen ari direla bat Europara ailegatzea lortu zuten zenbait auzokidek (tartean Oury) bidaltzen duten diruarekin eta han geratzen direnen eskulanarekin. Eta zer pintatzen dute Gipuzkoa kostaldeko bi herritarrek historia honetan?

Gazte ginearraren bizitza irakurrita hunkitu dira biak. “Dirua bidaltzen omen du hemendik hilero, baina berak hemen bizitzeko lain ez du ateratzen eta zer bidaliko du ba mutiko honek?”, izan da erreakzioa. Jarri dira harremanetan Ouryrekin, ginearra elkarrizketatu zuen Zigor Oleagaren bitartez; eta herrixkako eskolaren proiektuaz galdetu diote. Informazio pixka bat nahi izan dute, gaztearekin berarekin egon eta hark azaldu ziezaien zer den egiten ari direna eta nola egiten duten. Eta azalpenak entzun ostean erabaki dute diru bat ematea proiektu honi. Eskolaren aurrekontuaren laurdena, gutxi gora behera, beren gain hartu dute.
Kazetariak galdetu die: baina horrela, zuzenean dirua pertsona bati emanda? Ez al da hobe horrelakoak GKE bidez egitea?

“Ezagutzen ditugu GKEak, eta askoz nahiago dugu bide zuzenetik egin. Zuzeneko harremanen bitartez, proiektu zehatz baterako dirua jarri”, azaldu dute. “125 lagun inguru dira zonalde hartatik alde egin eta munduaren beste puntatik ahal duten sos pixka hori bidaltzen dutenak. Guk gure laguntza ematea erabaki dugu” adierazi dute.

Martxan dagoen proiektua da. Eskolan, dagoeneko, haurrak dabiltza; eta hasieran inguruko jendeak mesfidantzaz ikusten bazuen ere, jendea hasi da gerturatzen. Baina oraindik azpiegituran behar handiak dituzte, eta horrelako diru-sarrerek hauspoa emango diote eskola txikiari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA