Astean asteko historia: 1966ko abenduaren 25a

argia
0

[Koldo Izagirre] Urte bik ehun aste, 1963tik geroztikako Zeruko Argiak gure kulturaren errepasoa egiteko parada hartu zituen 100, 200, 400, 500 (Orixeri buruzkoa osorik) eta 600 zenbakiak (bertsolaritzaz). Berrehungarren alea 1966an egokitu zen, fedea galdu, euskara zikindu eta jatortasuna kordokatu behar zuen belaunaldia agertzen hasitako garaian.

Mendibururen eskultura, Ruiz Balerdiren eta Zumetaren margo bana, orrialdearen ertz bietan Mikel Lasaren poema (Baina euskaltzaleek balekite aberatsegia dela hizkuntzarik txiroena ere gure sabelean daramagun historia apurtu hau kontatzeko!) Ibon Sarasolaren bi poema labur (Ilargia harrika hautsi dut), eta abesti ezaguna izanen zen Xabier Leterena (Ai poeta, gogorra izango da zuretzat azken juizioko eguna!).

Ez da kasualitatea artelanaren garrantzia ale honetan, 1966 hartako ekainean Ibon Sarasola aldarri egina zen Gazte Naiz atalean: Edo berritu edo hil, hau da urte hauetako euskal literaturaren eta euskeraren beraren auzia. Berritze hau, bere ondorio guztiekin onartu behar dugu. Gaur, Emen, Orain, Danok taldeak egiten ari direna euskal artearekin, noiz ikusiko dugu euskal literaturan?

Erantzuna, bere belaunaldiak eman zuen literaturan ez ezik kantagintzan… eta politikan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA