“Elkargoa eta euskara instituzioetan” mahai-ingurua: edalontzi beteak eta hutsak mahaiaren bueltan

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Denok izaten ditugu egunak. Edalontzia erdi betea ikusten dugun egunak batzuetan, erdi hutsa ikusten dugunak bestetan. Arazoa gaur edo bihar bera izanik ere, zenbaitetan konponbidea bilatzen diogu, lortuko dugula iruditzen zaigu, eta beste batzuetan berriz dena iluntzen zaigu. Baina gaur ez dut oso egun filosofikoa eta nahiago dut lortu nahiko nukeen helburua ahaztu gabe, testuinguruari eta pauso bakoitzari erreparatzea. Agian Mintzalasai Elkartearekin batera ARGIAk Baionan irailaren 27rako antolatua duen mahai-inguruak lagunduko dit kokatzen.

Euskara da gaia. Euskara Ipar Euskal Herrian, hain zuzen. Hizlariak Jean-Claude Iriart, Marie Andrée Ouret eta Eneko Bidegain. Euskararen egoera aztergai da gure zazpi lurraldeetan, baina Iparraldean badakigu gure hizkuntza ez dela ofiziala ezta koofiziala ere. Beraz, egoera are bereziagoa da. Baina aldi berean bizirik dirauen hizkuntza da jende gutxi batzuen ahaleginari esker, eta baliabide gutxirekin azken 50 urteotan eman dira pausoak hiru lurralde hauetan. Orain garai berri batean sartu dela dirudi, Euskal Elkargoa sortu ondotik.

Galderak eta zalantzak asko

Nola iritsi da euskara Iparraldean egungo egoerara? Eta Elkargoa sortu ondoren, nola kokatzen da egoera berrian euskara? Instituzionalizatzeak ez ote du ahulduko herri ekimena, militantzia? Euskal Herri osoa, Iparraldea barne, aro politiko berri batean dago. Euskara erakundeen eskutik biziko al da? Zein izango da Euskal Elkargoaren jarrera euskararekiko?

Bada Elkargoak hizkuntzaren gaian egingo duen lana defendatzen duenik, baita honen inguruan zalantzak dituen eta kritikoagoa den sektorerik ere. Iritzi ezberdin horiek biltzeko asmoz elkartuko dituzte mahaiaren bueltan Jean-Claude Iriart Baionako hautetsia eta Euskal Elkargoko kidea, Marie Andrée Ouret Biga Bai guraso elkartean aritzen dena eskola publikoan, eta Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta gai honetan aditua, sarri kritiko izan dena erakunde berriak euskararekiko izan dezakeen jarrerarekin (ikus ARGIAren Gakoak aldizkarian idatzi zuen artikulua).
Interesgarria, ziur, piztuko den eztabaida; eta emango dizkiote entzuleari gakoak datozen mugimenduak ulertzeko eta ezagutzeko. Hori guztia irailaren 27an, ostiralez, arratsaldeko 19:00etan Baiona Tipiko Euskal Erakustokian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA