Herria aldizkaria: 75 urte euskal kazetaritzaren lubakian

argia
0
Menane Oxandabaratz,
Herria aldizkariko erredaktore bakarra lan eta lan.

 

[Miren Osa Galdona] Zeruko Argiaren sorrera urtea (1919) kontuan hartuta bete ditu aurten ARGIAk 100 urte. Zeruko izaeratik 1980an deslotu zen egungo ARGIA, baina gaurko lantaldeak dudarik gabe baliatu nahi izan du urte biribila bizitzeko aukera edo “aitzakia”, astekariaren jaiotza eta birjaiotza urteen eztabaida teologikoetan katramilatu gabe.

Baina bakoitzari berea. Izan zen Zeruko Argia baino lehenagokorik, euskarazko kazetaritzan: Eskualduna. Eta bada 39. urtea bete duen ARGIA baino aldizkari zaharragorik: 75 urte biribil bete ditu aurten Herriak, Baionan bi astean behin argitaratzen den aldizkariak.

Honela azaldu du Eskualduna eta Herriaren arteko lotura Peio Jorajuriak, Herriako kazetari ohiak. “Gaur Herrian ari garenontzat, bi astekari horiek oso ezberdinak direla iruditzen zaigu, nahiz bigarrenak lehenaren segida hartu izan zuen”. Louis Etcheverry politikari kontserbadoreak sortu zuen Eskualduna aldizkaria 1887an Baionan, bere ideiak plazaratu eta, neurri handi batean, ezkerraren kontra egiteko. “Aldizkariak euskararen defentsa aldarrikatzen bazuen ere, aldizkaria bera elebiduna zen”, dio Jorajuriak. Aldiz, Frantziako botere publikoek itxi egin zuten hedabidea 1944an, gerra sasoian alemaniar naziekin kolaboratzea egotzita. Hainbat irakurle euskarazko edukirik gabe geratu zen Ipar Euskal Herrian, eta hutsunea betetzeko asmoz, gazeta bat sortzeko taldea eratu zen urte berean.

Piarres Lafitteren gidaritzapean, Eskualdunaren ildotik aldentzeko asmoa zuen proiektua eratu zuten: toki gehiago eman zitzaion bai euskarari baita euskaltzaletasunari ere. Bi aldizkarien arteko transmisioa nahiko “ongi” egin zela dio Jorajuriak; adibidez, hainbat kolaboratzailek Herrian jarraitu baitzuten. Ekaitza etxe barruan lehertu zen, ordea: Piarres Lafitte apaiz ezkertiarra zen, Espainiako gerra zibilean euskal errefuxiatuei ongi etorria egiteagatik ezaguna. Kontserbadoreek ez zuten askorik maite, eta eragina izan zuen irakurle kopuruan. Aitzitik, Aljeriako gerra garaian harpidedun kopuruak gora egin zuela azaldu du Jorajuriak, “kasik 10.000ra iristeraino”.

Herria eraldatzen joan da denborarekin. Jorajuria erredaktore buru izan zen urte luzez, 2006an erretreta hartu zuen arte. “Nekezia ekonomikoak” izan arren, Herria pixkanaka aurrera darraien proiektua dela uste du Jorajuriak. “Uste dut orduko kristau-demokrata izpiritua galdu duela, eta oso irekia den astekaria dela”. Jarrai dezazue lanean urte luzez, gure mendeurrena amaitzen ari baita, eta gustura ospatuko baitugu urte batzuetara zuena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA