[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ni ez naiz arrazista, BAINA…, ni ez naiz matxista, BAINA…, ni ez naiz klasista, BAINA…, ni ez naiz homofoboa, BAINA… Ai, nola ateratzen zaizkigun barru-barrutik esaldi horiek. Ai, nola ateratzen zaigun barru-barruan dugun zornea. Zer diskurtso ezkutatzen da esaldi hauen atzean? Zein oinarriren gainean, zerk bultzatuta eraikitzen dugu? Zer da sortzen, onartzen eta normalizatzen ari garena?
Kapitalismo basatian bizi gara, bere zurrunbiloak zurrupatu gaitu eta denok gaude lehen eta bigarren mailako jendearen joko ankerrean sartuta. Sistema neoliberalak berarekin dakar faxismoa. Bertolt Brecht-en ideia klasiko bat gogorarazi dit Hedoi Etxartek: Faxismoa oso zaharra den eta oso berria den zerbait dela. Gure artean dagoela kapitalismoan bizi garelako. Faxismoa kapitalismoaren fase histerikoa delako.
Zertara datorren artikulu honetan Hedoi Etxarteren erreferentzia, galdetuko duzu, oraindik ere nora ailegatu nahi dudan aztarrenik izan gabe, akaso. Faxismoa hemen eta orain hitzaldia eskainiko duelako Hernanin, Argiak bere mendeurreneko ekitaldien baitan antolatuta, urriaren 9an.
Bilbon Rosa Luxemburgen lagunek eta IPESek antolatu zuen lehenik, eta Azpeitian ARGIAk eta Elkar Ekin elkarteak elkarlanean. Orain hitzaldia Hernanira iritsiko da. Gaiari lotuta aktualitateak eskaintzen dituen adibideak identifikatuko dizkio entzuleari eta, tamalez, Azpeitian maiatzean emandako hitzalditik hona mundu kapitalistak eskainitako adibide gehiago bildu ahal izan ditu.
“Tamalez astero dauzkagu notiziak. Sistema neoliberala gero eta gupidagabeagoa da bere fronte guztietan. Eta bere txikian, klasismoa, xenofobia eta misoginia oso zabalduak daude, normaltasun karta bat hartu dute Hego Euskal Herrian ere”, adierazi digu Etxartek.
Hizlariari berari utzi diot jendearengana zuzentzen: “Bere inguruan pobreekiko, emakumeekiko, etorkinekiko, sindikatuekiko ala feministekiko irainak eta kritika gupidagabeak entzun eta kezkatzen bada horri buruz jardungo dugula azaldu nahiko nioke. Faxismoak Euskal Herrian irabazi zuen 36ko gerran eta II. Mundu Gerran, besteak beste, herriz herri izan zuen babesarengatik. Eta ez gara mamu horretaz libratuko kapitalismoa gainditu arte”.
Ez ahaztu: Pello Zubiria kazetariak moderatu eta Hedoi Etxartek mamituko duen hitzaldia urriak 9an izango da, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan Biteri Kultur Etxean.
Hemen Azpeitian martxoan emandako hitzaldia, osorik: