[Miren Osa Galdona] Denboraren Makina atala aldizkariko harribitxietako bat bilakatu da. Nagore Irazustabarrena da astez aste han-hemengo antzinako bitxikeriak idazteaz arduratzen dena. Askorentzat asteroko zita da, eta hala sortu da bere baitan zale koadrila majoa, Denboraren Makinaren “fanak” liratekeenak. Baina noiztik dihardu Irazustabarrenak gai bitxiok ontzen?
2006ko ekainaren 4an idatzi zuen lehen artikulua Denboraren Makina atalerako. Lehenago, ordea, ondo baino hobeto ezagutzen zituen erredakzioko dinamika eta txokoak. Historiako ikasketak egin zituen, eta dokumentazio lanetan aritu zen ARGIAn 1997ko udaberrian. Pello Zubiriak, orduko zuzendariak, bota zion zerbait idazteko amua, baina Irazustabarrenak muzin egin zion gonbidapenari, “kazetaria ez, historialaria” zela argudiatuta. Zubiriak bera ere historialaria dela erantzun zion eta aitzakia faltan geratu zen Irazustabarrena.
Handik astebetera, Lasarteko jaietan, Ixabel Bereziartua eta Marijo Aierza orduko ARGIAko lan taldeko komertzial eta administraria gerturatu zitzaizkion AEKren txosnan txanda egiten ari zela: “Erredakzioko kide gehienek greba egitea eta hurrengo alea ez ateratzea erabaki zutela kontatu zidaten, eta nola edo hala atera behar zenez, komertzialak ere idazten jarri zituztela esan zidaten”. Biharamunean erredakziora joan zen egoera ikusita laguntzeko asmotan, eta azkenean, kontu bat eta beste, ia hamar urte igaro zituen bertan.
“Trantsizio garaia izan zen, zentzu askotan, baina nagusiki trantsizio digitala. Gogoan dut hasieran zenbait artikulu oraindik fax bidez jasotzen genituela, eta gailuak tinta gutxi zeukanean ez zegoela testu horiek irakurtzerik”, dio Irazustabarrenak. Zigarroaren kez betetako erredakzioa du gogoan, non kaosa eta presa eguneroko elementuak ziren. Halaber, behin aldizkaria inprentatik aterata ikusita, “satisfazio handia” sentitzen zuela dio, pasatako larritasun guztiek merezi izan zutenaren seinale.
Erredakzioko zikloa pasatuta, asteroko kolaboratzailea izatera igaro zen Irazustabarrena. 600 artikulutik gora idatzi ditu ordutik Denboraren Makina atalean, salbuespenak salbuespen astero bere aletxoa jarriz aldizkariari. “Iraganean gertatu den edozerri buruz idazten dudanez, gaiak leku askotatik ateratzen ditut, edo etortzen zaizkit: han edo hemen irakurrita, ingurukoek iradokita…Batzuk aspalditik dauzkat gordeta, beste batzuk aktualitatearen haritik tiraka sortzen dira”.
Ez dadila makina geratu, eta jarrai dezala denbora luzez martxan! Urte askotarako, Nagore!