Urriaren 22an aurkeztuko dugu “Ez gara neutralak” liburua

argia
0
Liburuaren egile Gorka Bereziartua “Ez gara neutralak” eskuan. Argazkia: Dani Blanco.

ARGIAk 100 urte bete dituela baliatuz argitaratu dugu liburua, baina ez da hedabidearen historiari buruzko lan bat: azken hamarkadetan ARGIAn izandako bizipenak, ikuspegiak eta gauzak egiteko moduak esplikatzeko saiakera da, hedabide honen filosofia bereziari buruz lehen aldiz publikoki gogoeta egiteko ahalegina.
Langileak dira ARGIAren jabeak eta %100 euskaraz argitaratzen diren hedabideen artean beteranoena da. Ezaugarri berezi horietatik abiatuta, Euskal Herriari eta munduari begiratzeko modu partikular bat garatu du medio honek, oso diferentea dena sarritan hedabide handiek saldu nahi izaten duten neutraltasun-itxuraren aldean.
Bestelako kazetaritza hori aldarrikatu nahi dugu liburu honekin, pentsatuz bertan jaso ditugun ideiak aberasgarriak izango direla informazioaren munduak gaur egun bizi duen egoerarekin kezka edo interesa duten pertsonentzat.

Aurkezpenerako gonbidapena

Urriaren 22an, asteartean, aurkeztuko dugu liburua Donostiako Udal Liburutegiko sotoan (San Jeronimo kalean), 12:00etan. ARGIA zale guztiok gaude bertara gonbidatuta.

ARGIA Jendeak etxean jasoko dugu

ARGIA Jendeak eusten dio kazetaritza proiektu independente honi. ARGIAren jabe garen langileok liburu hau ARGIA Jende bakoitzaren etxean egotea nahi dugu. Guztion ekarpenari esker jarraitzen baitu bizi-bizi, eta kide guztiok ospatu dezagun guztion lorpena, kontziente izanik zer den ARGIA, zein den urte hauetan guztietan eutsi duen izaera eta funtzioa.

Horregatik, ARGIA astekariaren 2663 zenbakiarekin batera etxean jasoko du liburua ARGIA Jende bakoitzak.

Ez gara neutralak liburuak egingo duen bidea, ARGIA Jende guztion esku dago. ARGIAk egiten dituen gauzak guztiak bezala hau ere lizentzia librekoa da, beraz, liburuko edukiak kopiatu eta zabaldu ditzake bakoitzak lasai bere lagunartean, lantokian, aktibismoan…

ARGIA Jendea bazara (edo oraintxe egiten bazara), ez erosi.

Gainerakoentzat, ARGIAren Azokan eskuragai 14 euroan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA