San Sebastian aurreko kontzertua: ARGIAko kideak Donostiako udaletxean kantari

argia
0
“Argiazaleen konpartsa” dena ematen Donostiako Udalbatza aretoan, urtarrilaren 12an,
San Sebastian aurreko kontzertuan. Piter Ansorenak ARGIAri eginiko omenalditxoa izan zen.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] 2020 iritsi da baina badirudi ARGIAkoek ez diotela utzi nahi 2019an bete zuten mendeurren ospakizunen urteari ihes egiten. Ibili ez dira ba baserritarrez jantzita orain ehun urteko donostiarren papera eginez kantuan eta dantzan Piter Ansorenaren zuzendaritzapean? Non eta Donostiako Udalbatza aretoan, alkatea aurrean zutela, begirada zorrotz, San Sebastian aurrean urtero egiten den kontzertu berezian.

Gerra aurrean Donostian argitaratzen zen Argia aldizkaritik hautatu zituen Ansorenak Donostiako gertakizun eta bizimoduari jarritako bertsoak: Pepe Artolaren Bretxan (1932an argitaratua) bertso sorta eta egile ezezaguna duten Donostiar kantak (1935ean argitaratua), hain zuzen. Doinua moldatu die Ansorenak berak, eta esku programan “Argiazaleen konpartsa” izena eman zaion kuadrillak abestu ditu urtarrilaren 12an, Donostiako udalaren txistulari taldeak eta Donostiarra Metal Boskoteak lagunduta. Hau izan da Piter Ansorenak ARGIAri egin nahi izan dion oparia.

Pepe Artolak Argian 1932ko apirilaren 24an argitaratutako “Bretxan” bertso sorta.

 

Argia, 1935eko urtarrilaren 20ko zenbakia. Egile ezezaguna du bertso sorta honek.

Uste dut paperean, pantaila baten atzetik idaztea, kameraren atzetik klik egitea, errazagoa izaten zaiela etxe honetako langileei, agertoki batean, jendaurrean, mikro eta guzti kantatu behar izatea baino. Zurrumurruek diote ekitaldiaren aurretik tentsioak askatzeko Ikatz kaleko taberna batean ikusi zituztela ARGIAkoak dantzan, saltoka, barre-algaraka eta ahots-kordak ondo berotuta; ardo kopak, garagardo botilak eta sagardo txikitoak gora jaso eta topa egiten. Txutxumutxuek beti izaten omen dute egiatik zerbait.

Dena dela ere, egindako entsegu guztietan baino hobeto atera zela ekitaldia entzun dut. Mihi gaiztoek diote ardoak mejora egiten diela ARGIAkoei, bestela izaten ez duten poztasun bat eman-edo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA