Bultzada emateko modu asko daude

argia
0
2017ko Orbel Jokoen finala.
2017ko Orbel Jokoen finala.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Azkoitian badute afizio berezi bat naturarekiko. Urtaroekiko, garaian garaikoarekiko. Bai, behintzat, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko kideek. Hala iruditu zait niri, jakin dudanean beraiek antolatutako bi izar direla, batetik, Maiatzeko Lorak ekitaldi-sorta eta, bestetik, Orbel Jokoak ginkana. Argiarekin zein lotura duen? Utzidazu tartetxo bat azaltzeko zer egiten duten Urola bailarako herri honetan eta aurreraxeago kontatuko dizut zergatik iruditu zaigun polita zuk hau ezagutzea, irakurle.

Karmen Irizar euskara elkarteko kidearekin hitz egin dugu. Hark esplikatu digu, hasiera batean Maiatzeko Lorak deituriko programa antolatzen zutela, baina dena, kultura edo hizkuntzarena izanda ere, “kontsumora” bideratutako egitaraua zela. Euskara eta kultura modu ludikoan jendeari eskaintzeko ideien bila ari zirela bururatu omen zitzaien Orbel Jokoak ginkana, duela sei urte.

Hiru asteko iraupena du jolasak eta astero proba bat izaten dute zazpi egun horietan burutzeko. Hiru lagunez osatutako taldeak dira; Irizarrek azpimarratu digunez, “adin guztietako partaideak daude, nerabeetatik hasi eta jubilatuetara artekoak”. Nolako probak? Aurreneko astean, adibidez, hogeita bost galdera dituzte erantzuteko, herriko historiaz, kulturaz, geografiaz, Euskal Herrian urte horretan izan den gertakizun edo urteurren bati lotutakoak… Azken denboraldian, esaterako, Azkoitiko ateak hartu dituzte gai. Ateak, bai. Karmen Irizarrek adierazi digu “herrian badirela eraikin zahar asko, historia luzekoak, eta badituztela ate bereziak; beraz, zer hoberik herriaren ondarea ezagutarazteko?”.

Nola saritu irabazlea?

Hortxe dago koxka. Finalera heltzen direnei herriko dendetan kontsumitzeko txartelak ematen dizkiete. Irabazleei, horrez gain, Berria egunkariko edo ARGIAko urtebeteko harpidetza eskaintzen zaie aukeran. Nola okurritu zaien hau? Euskal prentsa Azkoitian “gutxi kontsumitzen dela ohartuta” daudela azaldu du Irizarrek, Udal Liburutegian maileguan hartzen diren hamarretik zortzi liburu gaztelerazkoak direla eta beste biak ez dutela zertan euskarazkoak izan.

“Euskaraz irakurri eta euskal prentsan murgiltzeko aukera eskaini” nahian jarri dute sari hau eta “harrera ona” izaten ari dela aitortu digu.

Txikiak txikia bultzatzen duenean gauza politak ateratzen dira. Biba zuek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA