[Itsaso Zubiria Etxeberria] Nik gehiago lotu izan zaitut beti Hernaniko Langile Ikastolako ikasle batzuen guraso izatearekin. Lotzen zaitut, noski, herri mugimenduen bueltan, baina ez elkarrekin lan egitea suertatu izan zaigulako, akaso, adinez urrun; lotzen zaitut, batean eta bestean ikusi zaitudalako, ibili zarelako. Baina, sarri, sarriegi egiten dugun bezala, joan zarenean hasi naiz gehiago zure ibilbideaz galdezka, eta ARGIAk ere izan du bide horretan bere parte txikia.
Azken denboretan, kontatu didate, harremanetan egon zarete hezkuntzan pil-pilean dauden gaiak zein izan daitezkeen pista batzuk emateko. Zuek, Hik Hasikoek ARGIAkoei, alegia. Klabe batzuk eman. Kontaktu batzuk pasa. Erreportaje edo elkarrizketa posible batzuetarako ideiak bota. Urtean behingo kafe horrek asko balio izan die etxe honetako kazetariei hezkuntzaren gaiak sakontasunez jarraitu ahal izateko.
Lotzen gaituzten hariak
Euskarazko bi hedabideren arteko harremana mantentzeko ere balio izan dute bilera horiek. Baina ARGIAk eta Hik Hasik duten lotura ez da berria.
Auzmendi Legazpiko Haztegi Ikastolan irakasle zela sortu zituzten Ene Bada aldizkaria eta Hoska irratia, azken hori ikasleekin. Orduan ARGIAko zuzendari zen Pello Zubiria gonbidatu zuten ikastolara, euskarazko hedabideez azalpenak ematera. Hor egingo zuten lehen harremana Auzmendik eta ARGIAk.
1990eko hamarkadaren hasierara jotzen badugu, ikus ditzakegu AmetzagaiƱa taldeko lagunak, gazte, indartsu, orduantxe Lasarte-Oriako pabilioietan sartuta, Euskaldunon Egunkaria sortu berri zutela, mundua jateko prest. Euskalgintza pixkanaka, eta errezelo handiz, pizten ari zen, baina oraindik gaur ezagutzen ditugun kultur parkeak, kontseiluak eta abarrak ez ziren mapa horretan ikusten ahal. Proiektu baten baino gehiagoren sehaska izan zen oraindik tente dirauen Oriako pabilioia.
Ikastolen mugimendua, publifikazioa, ez publifikazioa… urte horiek bizi izan dituztenek ondo gogoan izango dituzte eztabaida horiek. Eta tarte horretan, beharra ikusi zen hezkuntza arloan nazio ikuspegitik, ezkerretik eta ikuspegi aurrerazaletik aldizkari bat sortzekoa. Hor sartu zinen zu, Joxe Mari, eta sartu zinen gaur egun Antza inprenta dagoen txokoan. Hor egin zituen Hik Hasik bere lehen urteak, akaso urterik konplikatuenetakoak. Hasierak sekula ez baitira errazak. Inprenta konpartitu zenuten ARGIArekin, konpartitzen zenuten eta konpartitzen duzue. Bulegoa beste leku batera mugituta ere, bidea beti laua ez eta zenbait lekutan oztopoz eta malkarrez betea; momentu batean urrundu gaituzten bidegurutzeak egonik ere, jarraitu baitu lotzen gaituen hari bat egoten.
Joxe Mari Auzmendi, euskaltzale nekaezin; deskantsatu, hariak jarraituko du.