Lander Arretxea, nahi duzun arte: Kultura ez da hemen bukatzen

argia
0
Lander Arretxea 2019ko azaroan Edurne Azkarateri elkarrizketa egiten. Argazkia: Dani Blanco.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Elkarrekin egin genituen lehen pausoak ARGIAn Lander Arretxeak eta biok. Tira, udako kazetaritza praktikaldia egin genuen elkarrekin, berak hilabete batzuk lehenago egina zuen dagoeneko kolaborazioren bat edo beste hedabidearentzat. Zer diot kolaborazioren bat edo beste, 2012ko Kataluniako Diada indartsu haren jarraipena egiteko aukera izan zuen. Orain badoa, uzten ditu ARGIAko kolaborazioak, “isilik egoten jakitea ere komeni da”, bota dit irribarre bihurri batekin.
Aurreko alean argitaratu da EiTB Kulturaz-en inguruko erreportajea, bere sinadurarekin. Baina ez da azkenekoa izango. Apirilean gozatu ahal izango dugu bere estiloaz. Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunea hartu du gai.

Baina amaieraz baino, ibilbide honetaz galdetu diot, orain artekoaz eta etorkizunaz. Hitz politak bota dizkit galdetu diodanean zer izan den ARGIA berarentzat: “Ikasteko aukera izan da. Kazetaritzaz dakidan gutxia ARGIAn ikasi dut: hasierako kolaborazioekin, praktiketan gero, eta gaur arte… Ez kazetaritzaz bakarrik, irakurle bezala ere mundu eta ikuspegi berriak hurbildu dizkit”. Arretxea irakurri dugu ekonomia sozial eta eraldatzailearen bueltako gaietan murgilduta, gure belaunaldiak ezagutu duen krisirik gogorrenak izandako ondorioez aritu ginen elkarrekin, prekarietatearen aurpegiei hitza jartzen, eta azken urteetan gehiago sartu du muturra kultura arloan. “Oso pribilegiatua” sentitzen da, “interesgarria egiten zaidan jendearekin elkartzeko aitzakia izan dut; luze hitz egin dut haiekin; eta gero, jasotakoak ARGIAn zabaldu ahal izan ditut, beste batzuei ere interesatuko zaizkielakoan”.

Lan gozagarriak asko omen ditu, baina badu ilusio berezia egin dionik. Gogora etorri zaio Maria Arnal musikari kataluniarrarekin izandako elkarrizketa. 45 cerebros y 1 corazón (45 burmuin eta bihotz 1) diskoa gelditu ere egin gabe bueltaka zebilkien garaian suertatu zitzaion aukera, eta oraindik ere liluraturik azpimarratu dit: “Pertsona gutxi aurkitu ditut hark besteko argitasunez eta magnetismoarekin hitz egiten dutenak”. Inork elkarrizketa irakurri nahiko balu, 2018ko apirilaren 22ko zenbakian topatuko du. Bartzelonako Sants auzoko kooperatiba sareari buruz egindako erreportajea ere kuttuna du: “Auzo oso bat eta dozenaka azpigai arakatzeko aitzakia izan zen”.

Ez doa Kataluniara bizitzera, hala dirudien arren. Maitasun berezi bat badio leku hari eta nahi gabe etortzen zaizkio oroitzapen horiek burura. Pixka batean kolaborazio eta antzekoak uzteko erabakia hartu du.

Plazer bat zurekin aritzea, Lander.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA