[Itsaso Zubiria Etxeberria] Landare munduan tokatu zitekeen momenturik kritikoenean harrapatu ditu baratzezale, landarezale, basozaleak osasun-krisi honek. Inausketa direla, txertaketak, ereite-lanak, landaketak… uda-udazkeneko uztari begira jartzeko garaian, lanik gehien dagoen unean iritsi da birusa; eta orain zer? Nola egin lan horiek? Joan al gaitezke gure baratzeetara? Non eros daitezke haziak, landareak, tresnak…? Hauek eta beste hamaika galdera erantzuteko martxan jarri du Bizi Baratzeak Jakoba Errekondoren zuzeneko kontsultategia, landare eta loreen inguruko zalantzak argitzeko.
Apirilaren 1ean egin zuen lehen saioa. Asteroko maiztasunarekin, ostegunetan hasi da Errekondo, etxeetan sortzen diren galderei erantzuna ematen. Aste osoan zehar jasotzen joaten da galderak landarekontsultategia@gmail.com helbide elektronikoan, eta Facebook sare sozialeko Bizi Baratzearen orrian emititzen den zuzeneko kontsultategian txandan-txandan joaten da zalantzak argitzen. “Oso harrera ona izan du”, azaldu digu landareetan adituak, “galdera asko jasotzen ari gara, ikusle asko izaten ditugu saioetan, eta sare sozialetan zuzenekoaren grabazioa zintzilikatzen dugunez, momentuan ikusi ez dutenei ere aukera zabaltzen zaie nahi dutenean ikusteko”.
“Esp-etxealdian denbora gehiago dugu, momentua ere halakoxea da, lan asko dago orain egin beharrekoa, eta galdera asko izaten ari da jendea”, azaldu du Errekondok. Euskadi Irratiko larunbateroko irratsaioa ere topera dute galderez azken aste hauetan, eta Bizi Baratzearen sare sozialetan zein buletinean ere mugimendu handia nabari da.
Sareak hartu duen indarra
Dagoeneko liburuak ere pantailaren aurrean irakurtzen ditugun garaian gauzkate harrapatuta etxean. Sekula baino isolatuago egon beharko genukeen honetan, aspaldiko denboretan baino gehiago ari gara hitz egiten lagunekin, familiarekin. Inoiz baino konektatuago gaude. Sareak hartu du indarra. “Momentuak hala eskatzen duelako hasi gara zuzeneko kontsultategiarekin, baina orain momentuko irtenbidea ematen ari bagara ere, osasun-krisi honetan sortutako mugimenduek gerora zer ondorio ekarriko dituen ez dakigu oraindik”, esplikatu du; “sareek une honetan jokatzen duten papera izugarria da, eta guk ere gure jokaldia prestatu beharko dugu partida berrietarako”, dio.
Oraingoz, behintzat, konfinamendua bukatu bitartean ostegunero izango ditugu ikusgai Jakoba Errekondoren erantzun, azalpen eta gomendioak, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Facebookeko Bizi Baratzean.
Gogoratu, zalantzarik baduzu, bidali mezua posta elektroniko bidez landarekontsultategia@gmail.com helbidera eta aste horretan jasoko duzu erantzuna zuzeneko kontsultategian.
Hauxe lehenengo kontsultategia:
Hemen bigarren kontsultategia: