Euskarak plaza berreskuratu eta plazak bizia

argia
0
Baltsan Elkartea, Ziburuko Herriko Etxea, Euskal Kultur Erakundea eta ARGIAk elkarrekin aurkeztu dute Ziburuko 2. Euskal Liburu eta Disko Azoka, maiatzaren 25ean.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Gainean da Ziburuko 2. Euskal Liburu eta Disko Azoka. Ekainak 12, gorde data. Memorian ezkutatua duzu dagoeneko lehena? Freska dezagun burua. 2019ko ekainaren lehen larunbata, eguraldi eder baina benetan beroa, eta han ziren, karpa zuri baten azpian, Ziburuko plazan, Euskal Herri osoko 17 argitaletxe, hizkuntzari eta kulturari leku egiten, mugaz alde horretan estreinakoz euskara hutsezko ekoizpenei osoki dedikatutako azokan, ARGIAk eta indar gehien jarriz Baltsan elkarteak antolatuta.

22 dira aurten bertan izango direla baieztatu duten argitaletxeak. Gunea bera, herriko plaza. Azoka urtero ekaineko lehen larunbatez egitea da asmoa, nahiz eta aurten bigarrenean egingo den; ekainaren 9an altxako baita horrelako ekitaldiak antolatzeko debekua. Aurtengo partaidetza berri bezala azpimarratu dituzte Euskal Irratiak, Euskal Kultur Erakundea eta Ziburuko Herriko Etxea, beren aholkularitza eta laguntza teknikoa, ekonomikoa edota mediatikoa ekarriz antolatzaileei. Horrelako partaidetzak ezinbestekotzat jotzen dituzte, Azoka pixkanaka handituz eta ekitaldi nagusi bilakatuz joan dadin.

Azoka ekitaldiz jantzia

10:30ean Iturri zaharreko ipuina ikusgarria Maddi Zubeldiaren eta herriko ikasleen eskutik.

11:00etan Ene baitan bizi da Maddi Ane Txoperenaren liburu aurkezpena.

11:30ean Sugarren mende Asisko Urmenetaren liburu aurkezpena.

12:00etan Naparra, kasu irekia Jon Alonsoren liburu aurkezpena.

12:30ean Zirriborroka Asisko eta Dani Fano marrazkiz eta Maddi Ane Txoperena eta Odei Barroso bertsotan.

15:30 Burgosko auzia: Iraultza eta bizi! Mikel Antza eta Adur Larrearen liburu aurkezpena.

16:15ean Etxeko landareak Jakoba Errekondoren liburu aurkezpena.

17:00etan Lazunak azkazaletan Oihana Aranaren liburu aurkezpena.

17:45ean Susmaezinak Itxaro Bordaren liburu aurkezpena.

19:00etan kontzertua: Hutsaren hatsa diskoaren kantuak emango dituzte Aguxtin Alkhat eta Julien Labatek.

Egun osoz egongo diren postuez gain, azaldu digute Baltsan elkartetik “goizean Ziburuko gela elebidun eta ikastola haurrek parte hartuko dute bakoitzak kantu baten bitartez Maddi Zubeldiak emanen duen Iturri zaharrreko ipuina ikusgarrian, hain zuzen ere historikoa den plaza gibeleko Iturri lekuan; eguerdi aldera komikilariak eta bertsolariak arituko dira elkarrekin Zirriborroka izeneko inprobisazio saio berezian; Adur Larreak Mikel Antzaren gidoiarekin osatu duen Burgosko auzia: iraultza eta bizi! liburu ilustratua aurkeztuko du; eta egunari bukaera emateko, Agustin Alkhat eta Julien Labatek Hutsaren hatsa diskoa aurkeztuko dute”. Horrez gain, talo postua izango da irekia Ikastolaren alde eta ostatuak ere bai, terrazan edo barnean egon ahal izanik.

Hego Lapurdi euskal hiztun andana biltzen dituen eskualdea da, baita Lapurdi barnealdea, Bortziriak eta Bidasoaldea ere. Irundik Baionaraino, ordea, ez da euskarazko argitalpenei dedikaturiko liburu dendarik. Ziburuko Azokak bere xumean erantzun bat eman nahi dio horri, oasi bat eskainiz erdararen basamortuan. Hala azaldu dute: “Euskal giroak egun oso batez Ziburuko plaza hartzea da helburua, euskal liburu eta diskogintzaren aniztasun eta aberastasuna erakustea, eta espero dugu, muga gainditzeko ahaleginean, ARGIAk eta Baltsanek irekitako bidean elkartuko direla Lapurdi barnealdeko, kostaldeko, Bidasoaldeko eta Bortzirietako euskaldunak, baita urrunagokoak ere”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA