2021ean gehien ikusitakoa ARGIA.eus-en

Axier Lopez
0

Webguneko datuen azterketa egin dugu ARGIAn, ikusteko zein izan diren 2021ean irakurleen joerak eta zein eduki irakurrienak. 2021ekoak dira ARGIAn lehen aldiz software askea erabiliz sortu ditugun estatistikak. Google multinazionalak gure irakurleen datuen truke doan eskaintzen duen Google Analitycs kendu, eta kode irekia duen Matomo tresna librearekin lanean baikara pasa den urte hasieratik.

Irakurrienak eta ikusienak

Ohi bezala albisteak dira irakurrienak. ARGIAn ikusitako orri guztien %33, herena, albisteak izan dira. Ondoren, ARGIA.eus-eko azala dago, lautik batek bisitatu baitu. Astekariko edukiek bisiten bostena osatzen dute (%20), eta ondoren datoz blogeko sarrerak, multimedia ataleko bideoak, Bizi Baratzea-ko edukiak eta ARGIAko produktuen Azoka.

Ondorengoak dira iaz bisita gehien bildu zuten edukietakoak.

Albisteak

Albisteetan denetariko gaiak daude, baina irakurrienen artean gehien errepikatzen direnak dira COVID-arekin lotutako murrizketa polemikoenak (pasaportea, umeak, eskola…).

Ehunka eukalipto moztu eta haritzak landatu dituzte Arratiako baso batean

 

 

 

Pasaportea, agintariei

 

 

 

 

Umeentzako COVID-19 txertoa eta beste neurri batzuk

 

 

 

Ertzain batek AEBetako eskuin muturreko polizia antolakunde baten jertsea jantzi du EITBren ‘Baserria’ saioan

 

 

Bere borondatearen aurka adierazpenak gaztelaniaz egitera derrigortu nahi izan du arraunlari bat TKE-k

 

 

Astekarian

Urtero legez, elkarrizketak dira tiradizo handiena duten edukiak. Eta horiekin batera, pandemiarekin eta euskara/hezkuntzarekin lotutako artikulu batzuk.

Adur Ramírez de Alda, Altsasuko auzipetua
“Altsasuren karikatura egin nahi izan dute, baina gaizki atera zaie”

 

 

Beñat Rodrigo, Chill Mafiako Kiliki Frexko
“MENA bat nire komunitateko kide da, ikastolako ikaskidea bezainbeste”

 

 

 

Mijo Lizarzaburu, loditasunaren auzia politikoaz
“‘Maitatu zure burua’ leloa sistemaren tranpa da”

 

 


COVID-19aren aurkako txertoa
Txertatu ez den mediku bakan horren motiboak zein dira?

 

 

Argazkia: Zaldi Ero.
D eredu naturala
Etxetik euskara dakarten haurrak ikasgela berean ala sakabanatuta?

 

 

Blogak

Umorea nagusi blogetan. Blogetako bisiten ia erdiak (%44) Beranduegiren blogak ekarri ditu. Halere, hiru irakurrienetan bestelako gai batzuk agertu dira:

ETA-ko Zaharra komandoa, Neguriko ybarratarrak eta Amazon

 

 

Haurrak etxean, gurasoak lanera

 

 

 

ARGIA berriz ere Jaurlaritzaren diru banaketatik baztertua. Babestu independentzia

 

 

 

 

Multimedia

Bisiten laurdena dokumentalek jaso dute, eta horien artean Orreaga 778 izan da ikusiena. Halere, 2021ean gure webgunearen bitartez gehien ikusi den bideoa Bizkaigane kooperatibari buruz egin genuen erreportajea izan da:

 

Multinazionalak gailuetan nagusi

Gailu mugikorrak dira aurten ere ARGIAko irakurleek erabilitako tresna nagusiak. %66k (2020an baino hiru puntu gehiago) aukeratu du mugikorra (%54) edo tableta (%12) ARGIAn sartzeko, eta %34ak ordenagailua. Horretan ere bada Txinak hegemonia teknologikoa eskuratu duela frogatzen duen beste datu bat: erabilitako gailu mugikorretan Xiaomi enpresa erraldoia da nagusi, AEBetako Apple edo Koreako Samsung-en gainetik. Android eta Windows 10 dira sistema eragilerik erabilienak, oso alde handiarekin.

Zein izan da nabigatzaile nagusia? Bada, honetan ere multinazionalenak dira informatzeko erabiltzen ditugun bitartekoak. Bisitarien erdiak baino gehiago Google ahalguztidunaren Chrome erabili du. Atzetik doaz Apple-ren nabigatzaile Safari (%13) eta software librea darabilen Firefox (%11).

Google-ren bidetik

Sarean zerbait bilatzeko erabiltzen ditugu bilatzaileak, baina horretan Google-ren monopolioa ia erabatekoa da. Egin kontu, bisitarien %19,5a heldu da ARGIAra bilatzaileren bat erabiliz, edo hobe esanda BILATZAILEA erabiliz. Bakarra balego bezala jokatzen jarraitzen dugulako: bilatzaileen bitartez ARGIAra etorritako lagunen %96,4ak Google erabili du. Microsoften Bing da atzetik (%1,7) eta tamalez pribatutasuna zaintzen duen DuckduckGo bilatzailea erabiltzen dutenen kopurua ere txikia da: %0,7.

Lautik bat sare sozialetatik heldu da

Bisiten laurdenak (%26) jo du ARGIAra sare sozialetatik. Facebookek jarraitzen du Twitter-ekiko aldea handitzen. 2021ean sare sozial guztien artean bisiten %70 Marck Zuckerbergen multinazionalaren plataformatik etorri dira. Twitter-etik %22 eta Telegram-etik %8.

Goiz eta gau informatzen


Grafikoan ikusten denez, goizeko 08:00etatik gaueko 22:00ak arte, etengabe ia bisita kopuru antzekoa jasotzen dugu ARGIAn. Urte osoan bisita gehien jaso dugun tartea gaueko 22:00en bueltan izan da.

Webgunea, besterik ez

Datuok webguneko estatistikak soilik hartzen dituzte kontuan eta, beraz, irakurketa ez dela osoa. Jakinik geroz eta gehiago mugitzen garela sare sozialetan eta eskura ditugula sekula baino plataforma gehiago, webgunera jo gabe; Telegramen, Twitterren edo Mastodonen lerroburuak irakurriz, irudiak eta bideoak Facebook, Instagramen edo Youtuben ikusiz, podcast-ak FM irratietan, iVoox edo Spotifyn entzunez, gure hitzaldiak aurrez aure entzunez edota, bai, zorionez, lizentzia libreei esker ARGIAk sortutakoa beste hedabide batzuetatik jasoz. Eta nola ez, astekariak irakurriz.

Edonola ere, ez gaitezen zenbakiekin itsutu. Pertsonak ez gara zenbakiak eta kazetaritza ez da digituen arabera neurtzen. Zenbakiak gora behera, 2022an ere kazetaritza independentea eginez txikitik eragiten jarraituko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA