[Itsaso Zubiria Etxeberria] ARGIAren komunitatea, Argia jendea, ARGIAren lagunak… proiektuaren babesleei modu askotara hots egiteko formulak daude, babesleak ere askotarikoak baitaude. Izan daitezke produktu batzuen truke laguntza ekonomikoa ematen dutenak, sareko irakurleak, enpresako langile eta kolaboratzaileak, iragarleak, eta izan daitezke ere ARGIAk ateratzen dituen produktuen egileak, atzeko lanean aritzen direnak, beste enpresa batzuk akaso, baina enpresa lagunak.
Sekula pentsatu duzu, irakurle, non serigrafiatzen diren Inor ez da ilegala edo Lurra herriari deika proiektuetako kamiseta, jertse eta poltsak? Artizar serigrafia dugu honetan bidelagun. Amezketan dago Bernar Usabiagaren eta Eva Bereziartuaren tailerra, eta handik egiten dute gure jantziek Lasarte-Oriarainoko bidea.
2007ra egingo dugu atzera ARGIAk eskatutako lehen lana ezagutzeko. Zuetako askok atzo balitz lez oroituko duzue argazkiko bonbilla hura, ez da hala? Pasa dira hamabost urte eta harreman estua izaten jarraitzen dute ARGIAk eta Artizarrek. Gaur egun Inor ez da ilegala kanpaina sustengatzeko jantzien hornikuntzara dute bideratua lana, baina, noski, ez da egiten duten lan bakarra; publizitate-inprimaketako ohiko tailerren moduan, serigrafia lanak egiteaz gain, tanpoigrafia eta termoinpresioarekin ere egiten dute lan. Ikus ditzakezue beren lanen adibide asko artizarserigrafia.es beren webgunean.
Lurra herriari deika kamiseten kasuan, gainera, lortu zen %100 kotoi organikoz egindako materiala eskuratzea eta lan gehigarri bat eskatu zuen hornitzaile egoki bat bilatzea. Belgikatik heltzen dira Amezketara materialok eta bertan serigrafiatu.
“ARGIA lagun on askoren etxea da eta beti egongo gara eskertuta bere hornitzaileetako bat izateagatik”, azaldu digute. ARGIA proiektua aurrera ateratzeko atzeko lana egiten duten lagunentzat ez dugu esker on hitzik baino. Plazera da horrelako kidez osaturiko komunitatea izatea.
1 Iruzkin
Bere garaian eskerrak ematea ahaztu zitzaigunez, guretzat lerro oso atseginak dira, gaur, ordenagailuan gordetako gauzak errepasatuz, zure artikulua aurkitu dugu, eta, berandu bada ere, une hau aprobetxatu nahi dugu eskerrak emateko. Zorte on Durangon. Musu bat