[Itsaso Zubiria Etxeberria] Sareak badira askotarikoak. Sarea izan daiteke hari edo burdinazkoa, arrantzarako edo ehizarako balio dezake, sarea baliteke trikimailua izatea ere, tranpa, edo internet bera. Sarea izan liteke armiarmarena. Sarea izan liteke soziala. Edo babes-sarea. Azken esanahi honetan oinarrituta sortu zen Beterri Saretuz ekimena 2019an Beterri-Buruntza bailaran eta 2022rako helburuak eta ekintza plana aurkeztu berri ditu otsailaren 17an Usurbilen.
Kanpo komunikazioan jarriko dute arreta eta indarra aurten ekimenean, aurtengo ekintza planaren azalpenetan azpimarratu bezala. Hezkuntza eta enpresen arteko elkarlana bultzatu nahi dute eta hezkuntza zentroekin elkarlanean aritzea da 2022ko asmoa.
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen bueltan dabiltzan eskualdeko hainbat enpresa eta eragile biltzen hasi zirela badira hiru urte. Esperientziak trukatu eta eskualdean eragiteko helburuz ekimenak martxan jartzen hasi ziren eta hori izan zen parte-hartzean oinarritutako ekosistema enpresarial bat sortzeko ernamuina: Beterri Saretuz. Sarea egituratzeko lanetan aritu dira denbora honetan “batzen gaituzten ezaugarriak topatuz eta batera egin nahi duguna zehaztuz”, diote aurkezpenean, eta partaideen eskakizun nagusietakoa izan da praktikara pasatzea interkooperazioaren bidez. Pauso berri horri ekin diote orain.
Bidean sortu dituzte enpresetan parte-hartzea sustatzeko gida, beste eskualdeetako proiektuen berri izan dute eta formakuntza jaso dute ahalduntzearen edo interkooperazioaren inguruan. Azpimarratu dute interkooperazioaren garrantzia oraingoa bezalako krisi garaietan, eta kapital metaketa hutsetik ihes egiten duen eredu bat bultzatzeko, lurraldean bertan dauden proiektu eraldatzaileak elkar zaindu eta elikatzea dela gakoetako bat.
ARGIA hastapenetatik dago sartuta proiektuan, ulertzen baitu, nahiz eta Euskal Herri osoko proiektu komunikatiboa izan, badela bere printzipioetako bat “lurraldean” eragitea; auzoan, herrian, bailaran… txikitik. Oriako bazter honetatik ere eskualdeko beste eragileekin harremanetan jarriz, bestelako lurralde garapen bat aurrera eramatea posible dela sinetsita.