[Itsaso Zubiria Etxeberria] Aitortu beharko didazu, (batez ere gipuzkoar) irakurle, izan duzula inoiz tentaziorik barre egiteko beste lurralde bateko euskal herritar batek zurea ez den molde bat erabili duenean euskaraz zerbait espresatzeko. “Hori gaizki esanda dago”, pentsatu duzu zure barrurako. Eta zure barrurako denean gaitz erdi, batzuetan ausartu ere egiten baikara zuzentzen! Baina harrituko ginateke, esateko manera desberdin bat entzun eta trufatu aurretik hiztegian begiratuko bagenu, zenbatetan sartzen dugun hanka euskara batu jatorra hain ziur erabiltzen dugunok.
Iparraldeko esamolde eta hizkuntza formulekin gertatzen zaigu asko hegoaldekooi. ARGIAn ere bistakoa da. Testuen zuzenketak kazetarien artean egiten dira, baina kazetari gehienek ez badute sobera ondo ezagutzen euskalki edo formula jakin bat, zailtzen du horren erabilera egoki bat egitea. Cristina Ruiz Uriarte ARGIAko irakurlea da eta egoeraz jabetuta, esku bat bota dio komunikabideari. Bizkaitarra jaiotzez, urteak daramatza Baionan bizitzen. Aurretik kazetaritza ikasketak burututa, Baionako UPPAn euskal ikasketak egin zituen eta gaur egun hizkuntza arloko Ikerketa Masterrarekin ari da. Helduen euskalduntze lanetan aritua, ondo ezagutzen ditu mugaz bi aldeetako hizkuntzaren jolasak.
Martxoaren 4an formazio-saio txiki bat eskaini zion ARGIAko lantaldeari, euskara batuaren ikuspegi zabalago bat ezagutarazteko. Astekarian bezala sareko albisteetan ikusten dituen adibide zehatz batzuk azaldu dizkie kideei. Batetik, ikusten du iparraldean badirela esamolde asko oso erabiliak eta onartuak direnak eta ez ditu batere testuetan topatzen, eta bestetik, iparraldean oso erabiliak diren baina frantsesetik hartu eta euskarara moldatutako formula ezegokiak ere badaude eta horietako batzuk sarri aurkitzen ditu.
Ogiaren erostera noa edo zure ikustera joan nahi dut. Iparraldean oso erabilia, euskaraz onartua eta ARGIAn gehiegi ikusten ez dena. Mendebaldeko hiztunoi arrotz egiten zaigun beste formula bat baldintza hipotetikoa egituratzeko: jakiTEN banu –jakinGO banu-ren baliokidea izango litzatekeena–. Aldi berean, usu erabiltzen da -rentzat atzizkia egoki ez den lekuan, frantseseko pour-en moldaketa bezala: Bost egunentzat joanen naiz, adibidez. Eta hori ez dago onartuta.
Zein zen saioaren helburua? Euskaraz onartuta ez dauden esamolde horiek ez betikotzea eta horiei alternatiba egokiak ematea, eta alderantziz, formula egokiak eta beren lurraldean oso erabiliak direnak astekarian ikusaraztea.
Beti dago zer ikasia eta saioa labur geratu da oraingoan. Milesker, Cristina, ea lortzen dugun idazkera fintzea.
1 Iruzkin
Biba zu, Kristina!