ARGIAren deia kide eta irakurleei ‘Euskara Aurrera’ manifestaziora joateko

argia
0

Gazte Euskaltzaleen Sareak biharko Donostian deitu duen mobilizazio nazionalarekin bat egin du ARGIAko lantaldeak. Manifestazioaz informatuko dugu, baina hortik harago, gure komunitateko kide eta irakurle guztiei deia luzatu nahi diegu, ahal duten neurrian, 17:30ean Antiguako tuneletik hasiko den manifestaziora joateko.

Gazte belaunaldi batek arnas freskoa ekarri nahi du horren behar nabarmenean zen euskararen aldeko mugimendura. “Euskararen egoerak kezkaturik, urrats bat aurrera emateko momentua dela sinisten dugu. Aurrera urratsa euskararen eta euskaldunon aurkako erabaki juridiko eta politikoei aurre egiteko. Aurrera urratsa globalizazio ozeano zabalean euskarak bere lekua izan dezan. Herri bultzada berri bat behar du euskarak. Aurrera egin behar dugu”, adierazi zuten deialdia egitean.

Badakigu zein diren euskararen normalizazioaren bidean arazo estrukturalak, eta soluzioak ere mila bider errepikatu dira, entzun nahi duenarentzat: euskara doan ikasteko eskubide unibertsala herritarrentzat; hizkuntzaren ofizialtasuna borrokatzea Euskal Herri osoan; Nafarroan zonifikazioarekin amaitzea; administrazioak zerbitzu guztiak euskaraz bermatzea; euskarazko hedabideak eta kultura diskriminatzen dituzten politikak albo batera uztea; ETB, Osakidetza, Ertzaintza eta erakunde publiko nahiz pribatuetan euskaldunoi egiten zaizkigun mespretxuekin amaitzea…

Euskarazko kazetaritza ardatz duen proiektu honen talaiatik, kezkaz bizi dugu euskararen egoera –ARGIAn ere urteak daramatzagu gaia mahai gainean jarriz–. Horregatik, ados gaude egoerak jauzi kualitatiboa eskatzen duela dioten ahotsekin. Horretarako, instituzioak eta agintariak mugiarazi beharko dira. Beti izan da hala. Horregatik jartzen dugu gure hondar alea. Euskarak eta euskaldunon bizitzak merezi duela sinesten dugulako.

Oraindik ere eraso eta jarrera euskarafoboak jasan arren, euskara hona ekarri badugu, hori izan da ideiak oso garbi izan dituen nukleo oso indartsu bati esker. Mendez mende herri gisa pentsatu eta ekin delako unerik zailenetan ere. Eta behin hona iritsita, zer esan eskerrik asko ozen bat ez bada, azken batean ARGIA proiektua ere eusten duen jende zoragarriaz ere ari baikara.

Oraindik ez baduzu irakurle izatetik komunitateko kide izatera pausoa eman, bihotzez animatu nahi zaitugu. Munduan bakana den harpidetza ereduarekin, zuk erabakiko duzu zenbat jarri eta zer jasoko duzun. Erraza duzu, egin klik azpiko botoian, zenbat eta gehiago izan, orduan eta indartsuagoak izango gara komunitate gisa.

[EGIN ARGIAKOA]

 

Duela hiru urte, mendeurrena ospatzeko, ARGIA: Bizi nahi duen herria leloa erabili genuen. Hala delako, eta egunez egun bidea urratzen jarraitzen dugulako. Larunbata arte, beraz, 17:30ean Antiguako tunelean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA