[Itsaso Etxeberria Zubiria] Mundua konprenitzea ez dago oraintxe erraza. Sekula egon bada. Garai ez oso eder bezain interesgarriak bizi ditugu eta nahi adina ertz topa ditzakegu, lupa eskuan, sakon aztertzeko. Eguneroko bizimoduaren abiadurak bere zurrunbiloan harrapatuta gauzkan honetan, abuztua hartzen du ARGIAk arnas pixka bat gehiagorekin irakurtzeko edukiak eskaintzeko. Patxadaz hausnartzeko Gakoak.
Azken bi urteetan monografikoak izan dira ARGIAko kideei lau astekariren ordez igorritako argitalpen mardulak. 2020an, ia garaiak aginduta, COVID-19ak sortutako pandemiari urgentziazko begirada eman zitzaion. 2021ean, aldiz, burujabetzak izan ziren gai nagusi. Aurten, lehengo formatura itzuliko da eta gai anitzak jorratu dira elkarrizketa, erreportaje eta eduki bereziz osatuta.
Gerda Taro fotokazetariari eman diote azala, Shu Oterok egindako ilustrazioarekin. Akaso ezagunagoa egingo zaizun Robert Capa goitizenaren atzean zeuden bi pertsonetako bat zen Taro. 1936ko Gerran argazki hain ezagunak atera zituen argazkilaria da eta Bruneteko batailan tanke batek istripuz harrapatuta hil zen duela 85 urte, 1937ko uztailaren 26an. “Zure argazkiak behar bezain onak ez badira, behar bezain gertu ez zaudelako da”, dio Caparen esaldi ezagunenetako batek. ARGIAren kazetaritza eredua ongi islatzen duen ideia da. Barruan erreportaje zabala dakar argitalpenak Gerda Taroren bizitza kontatuz eta bere argazkiekin.
Baina ez hori bakarrik: osasun publikoak Hego Euskal Herrian izan dituen baliabide murrizketak eta gainbehera; Rafael Poch nazioarteko analistari eta Malores Etxeberria 32 urtez Hernaniko Udalean euskara teknikari aritu izandakoari elkarrizketak; Durangoko herejeen eta disidentziaren inguruko erreportaje historikoa; literatura oinarri duten bizpahiru artikulu; lizentzia libreei buruz euskarazko hedabideetan dauden eztabaiden korapiloak; udan ibilbide geologikoak egiteko proposamenak Asier Hilario geologoaren eskutik; Leire Vargasek idatzitako ipuina Dom Campistronek ilustraturik… Hori guztia eta gehiago aurkituko duzu, irakurle.
Hilabete luzeetako lana eskatzen du Gakoak-ek, ahalik eta era kolektiboenean egindako prozesua da. Aurten, gainera, diseinua eta edukiak modu bateratuan landu nahi izan dira eta, zuk igarriko diozu hobekien, baina diote, azken produktuan nabari dela egindako esfortzu hori.