1986ko Euskararen Legea aldatu eta Nafarroa osoan euskara ofizial egiteko eskaera zuzena egin dio Euskararen Nafar Kontseiluak Nafarroako Gobernuari, irailaren 16an onarturiko adierazpenean. ARGIAk bat egin du adierazpenarekin, IKA euskaltegiak abiarazitako atxikimendu kanpainari erantzunez.
Euskararen Nafar Kontseilua erakunde publiko aholku-emailea da; bere irizpenak lotesleak ez diren arren, Nafarroako Gobernuaren kontsulta organoa da. Hala, onarturiko adierazpenean, María Chiviteren gobernua premiatzen du euskara Nafarroa osoan ofizial bihurtu dezan, erakunde, eragile eta herritar askoren aldarrikapena bere eginez.
Legea onartu zela 35 urte igaro diren arren, ia aldaketarik ez duela izan dio Euskararen Nafar Erakundeak, eta oroitarazi du indarrean jarri zenean legelariek ziurtatu zutela eremuak ez zirela finkoak eta aldatu zitezkeela. “Gizartea errotik aldatu da, eta eremu bakoitzean dauden euskaldunen kopurua ere bai. Zail izanen dugu euskaldunik ez dagoen udalerririk aurkitzea”, dio bere idatzian. Ikastetxeetan edo euskaltegietan euskara ikasten duten herritarrak asko dira, baita eremu euskaldunetik eremu mistora edo ez euskaldunera lanera nahiz bizitzera doazenak ere.
Euskara ikasteko eta erabiltzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenak, ekimenak eta mugimenduak “bizi-bizi” daudela erakusteko hainbat adibide aipatzen dira: Cortesko adierazpena, Mendigorriko edo Castejongo eskaerak, Errigora ekimena, eremuz aldatzeko udalen eskaerak…
“Gauzak garbi esanda: lege honek nafarrak diskriminatu egiten ditu eremuaren arabera”, dio adierazpenak. Horregatik, Nafarroako Gobernuari zuzendu zaio, Nafarroa osoan euskara ofizial izan dadila eta “euskaldunen legezko baztertzea” amaitu dadila eskatzeko.
Euskararen Nafar Kontseiluaren adierazpena osorik:
1986an Euskarari buruzko Legea onetsi zelarik, zentzu gutxi zuen Nafarroa zatitzeak eta horren arabera hizkuntza eskubideak aitortzeak. Lurralde osoan behar da Hizkuntza eskubideen aitortza. Ez daitezke eskubideak ukatu, norbanakoa dagoen tokian dagoela. Eskubide horiek bermatzeko hartuko diren neurriak bai izan daitezke ezberdinak toki batean eta bestean, baita jarriko diren bitartekoak ere, baina zentzugabea da Nafarroako herritarren artean muga geografikoak paratzea. Areago gaur, gizartean mugak gero eta lausoagoak direnean; garraioari eta teknologia berriei esker harremanak ugariagoak direnean eta fisikoki hurbilekoak direnekin bakarrik ez ditugunean. Bestalde, administrazio bakarra eta bera dugu, Nafarroako Gobernua, eta horrek gero eta indar eta eragin handiagoa du norbanakoengan.
Legea onetsi zenez geroztik, 35 urte joan dira. Bitarte horretan, ez du ia aldaketarik izan, eremuz aldatu diren udalerri bakar batzuena besterik ez. Udal bakar batzuek eskaturik, 2017an, eremu mistotik euskaldunera jauzi egin duen udalerria edo ez euskaldunetik mistora joan direnak izan ezik, ez da aldaketa gehiagorik izan, tamalez.
Indarrean dagoen testua eztabaidatu zenean, legelariek behin eta berriz adierazi zuten eremuak ez zirela finkoak, egoera aldatu ahala aldatuko zirela, eta egoera soziolinguistikoa alda zedin, euskara sustatzeko asmoa azaltzen da bertan. Legearen 5. artikuluaren 2. eta 3. puntuetan berean honako hau esaten da, hurrenez hurren: “Aurreko atalean zehaztutakoa berrikus daiteke, Nafarroako Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. eta 20.2 artikuluetan ezarritako prozedurari jarraiki”, “Nafarroako Gobernuak aldizka euskararen errealitate soziolinguistikoari buruzko azterlanak egitea aginduko du, eta horien berri emanen dio Parlamentuari”.
Azken 35 urte hauetan, gizartea errotik aldatu da, eta eremu bakoitzean dauden euskaldunen kopurua ere bai. Zail izanen dugu euskaldunik ez dagoen udalerririk aurkitzea. Gero eta gehiago dira ikastetxe edo euskaltegiren batean euskara ikasi dutenak edo ikasi nahia azaldu dutenak. Ez dira gutxi Nafarroako beste eremu batetik edo euskal lurralde batetik eremu misto edo ez euskaldunetara lanera, bizitzera edo bisitan joaten direnak.
Euskara ikasteko eta erabiltzeko eskubidearen alde egiten diren aldarrikapenak, ekimenak eta mugimenduak bizi-bizi dabiltza azken urte hauetan, baita egungo legeak euskalduntzat jotzen ez dituen eskualdeetan ere: Cortesko adierazpena, Mendigorriko edo Castejongo eskaerak, Errigora ekimena, eremuz aldatzeko udalen eskaerak…
Gauzak garbi esanda: lege honek nafarrak diskriminatu egiten ditu eremuaren arabera, legeak berak aditzera ematen badu ere hizkuntza dela-eta inor ez daitekeela diskriminatua izan. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 2. artikuluan honela dio: “Gizaki orori dagozkio adierazpen honetako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko arraza, kolorea, sexua, HIZKUNTZA, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik”.
Hizkuntza-Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 12. artikuluan, berriz: “Gizaki orok eskubidea du, alor publikoko jarduera guztiak bere hizkuntzan egiteko, baldin eta lurraldeko hizkuntza propioa hori baldin bada”. Zoritxarrez, Nafarroan egun indarrean dagoen Euskarari buruzkoLegeak ez du halakorik bermatzen, ez du biderik ematen herritar euskaldunaren hizkuntza eskubideak bete daitezen, ez baitio euskarari ofizialtasunik aitortzen Nafarroako Foru Komunitate osoan.
Horregatik guziagatik, adierazpen honen bidez, Euskararen Nafar Kontseiluak Nafarroako Gobernua premiatzen du euskara Nafarroako Foru Komunitate osoan ofiziala izan dadin Euskarari buruzko Foru Legea lehenbailehen aldatzera, herritar euskaldunen legezko baztertzea amaitu dadin eta herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak bete daitezen, herritar erdaldunenak betetzen diren bezalaxe, jakinki erabaki hori Nafarroako herritar guzi-guziendako onuragarria izanen dela.
Iruñean, 2022ko irailaren 16an
1 Iruzkin
[…] zonalde euskaldun, misto eta ez-euskaldunetan, Euskararen Nafar Kontseiluak berak foru gobernua “premiatu” duen arren euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadila. Errealitatea da euskararen kontrako erasoak etengabeak direla; azkeneko berria, adibidez, […]