Zer ikasi eta nola, badago aldea

argia
0
Beatriz Rubio eta Laura González, Toki Alai ikastetxeko dekalogo feministaren ondoan. (Argazkia: Toki Alai)

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Irungo Toki Alai ikastetxean lauzpabost urte daramatzate lanean ikasgaietan feminismoa zehar-lerro bilakatu nahirik. Horretan dabiltza Beatriz Rubio eta Laura González irakasleak Bigarren Hezkuntzako ikasleekin, hezkidetza arloan. Hiru ardatz nagusi dituzte: sexu eta aukera berdintasuna balioestea eta errespetatzea, indarkeria eta edozein motatako aurreiritzi eta jokabide sexistei aurre egitea, eta feminismoaren teoria. “Prozesu bat da. Ezeren aurretik, erreferenteak eman behar dizkiegu ikasleei, emakume horiek existitu eta existitzen direla erakutsi; generoaren eraikuntza eta honek dituen ondorioak ulertu behar dituzte; eta sexismoaren eta indarkeriaren aurkako neurriak landu beharra daukagu beraiekin”, azaldu digu Rubiok.

Historian esanguratsuak izan diren emakumeak nor izan ziren lantzen dute ikasgai desberdinetan: gizartean, zientzietan, hizkuntzetan… Eta generoaren eraikuntzak dituen ondorioak ezagutzeko adibide errealetara jotzen dute. Adibidez, 3. mailako ikasleek estatistikara lehen hurbilpena egiteko bildu dituzte ikastetxeko ikasleen eta beren familien datuak (nork egiten ditu etxeko lanak, aisialdian zer egiten dugu, ze lanpostu betetzen dituzte etxekoek, ze soldata jasotzen dute…), inkesta bidez, eta horiek irakurri eta interpretatzen ikasi dute, aldi berean gizonen eta emakumeen arteko arrakalak gertutik ezagutuz.

Arlo desberdinetako emakumeen hitzaldiak izaten dituzte ikasgelan. Ezagutu dituzte, besteak beste, Ane Irazabal eta Arantxi Padilla kazetariak, “La Basu” musikaria, Maud Combarieu, Aiora Otamendi, Ania Perez edo Amaiur Erkizia kirolariak. Hitz egiten dute bertako egoeraz eta nazioartekoaz –feminismoaren ikuspegitik beti–, ikasle neskak eramaten dituzte unibertsitateko zientzietako jardunaldietara, emakumezko ingeniari eta zientzialariak ezagutu ditzaten, mural bat egin dute ikastetxeko aisialdi eremuan… Eta askoz gehiago dira ikasgela barruan zein kanpoan egiten ari diren lanak, hemen denak zerrendatzeko tarterik ez badugu ere.

Total, hau dena zertara datorren ARGIAren barrenez hitz egiten dugun txoko honetan? Ba Beatriz Rubioren eta Estitxu Eizagirreren artean egindako Borroka, maitasun eta traizio istorioak podcasta zintzilikatu berri delako argia.eus-en, justuki feminismoaren historian ezagunak diren hainbat autoreren bizitzari buruz apur bat gehiago jakiten eta egungo feminismoen oinarriak hobeto ulertzen lagunduko diguna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA