Kontxakoa ez da baranda mitiko bakarra

argia
0
Kata taberna ondoko barandan, 1980ko hamarkadako eta gaur egungo taldeak. (Argazkiak: ARGIA artxiboa eta Xalba Ramirez / Irutxuloko Hitza)

[Itsaso Zubiria Etxeberria] ARGIAren irakurle gazteenek akaso ez dute 1980ko hamarkadaren hastapenetan Egiako eskaileretan ateratako argazki hura gogoan, baina aspaldi xamarretik aldizkaria jarraitzen dutenek ezagutuko dute, seguru. Kata tabernaren pareko barandaren bueltan agertzen dira orduko kide batzuk, ARGIAri ‘Zeruko’-a kendu eta enpresa langileek erosi berritan. Hantxe bertan izan zuten lehen lokal txikia, eta berrogei urte geroago gaur egungo taldea leku berera itzuli da, bisitan.

1981era arte Kaputxinoena zen astekaria langileen esku geratuta, Egian hasi zuten ibilbide berria eta lehen urte haiek markatu zituen auzora egin dute tour-a Pello Zubiria lankide beteranoak gidatuta. Gaur egun Dabadaba dagoen pabiloian egin dute lehen geldialdia. Hura izan zen Egiako azken geltokia. 1988tik 1990erako tartea egin zuten bertan, Antza inprimategi sortu berrian.

Dabadaba dagoen pabiloiko sarreran (Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA)

Bertara lekualdatu zuten erredakzioa ere eta dena egiten zen leku horretan; lan komertziala, inprenta, aldizkaria… Euskarazko egunkari bat egitearen ideia lehendik bazetorren ere, garai eta espazio horretan abiatu zen Euskaldunon Egunkaria-ren proiektua. Estilo liburua ekarri du gogora Zubiriak: “Hemen egin zuten Koldo Izagirrek, Koro Zumalabek, Malores Etxeberriak eta Luistxo Fernandezek”, azpimarratu du.

Handik joan dira orain Ametzagañara, Irutxuloko Hitza-ren erredakzioa dagoen lokalera. Bertan egon zen 1985etik 1988ra erredakzioa. Ondoan zituzten, gainera, Egia eta Berdin abokatuen kolektiboak; zeinak eskaintzen zieten babesa langileei.

Pello Zubiriaren azalpenak entzuten Ametzagañako lokalean (Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA)

Kata tabernaren ondoko lokal txikira iritsi dira azkenik. Auzoan lehen pausoak eman zituzten tokira eta atera dute gaurko familia argazkia, baranda mitikoan. Desberdina 1980ko hamarkadakoarekiko, baina balore berak mantenduz: independentzia, lurraldetasuna, euskaltzaletasuna…

Beti da inportantea jakitea nondik gatozen, nor izan ginen. Belaunaldiz belaunaldi informazioa galtzen joatea naturala bada ere, historiaren transmisioa egitea garrantzitsua da, ibilbidean jarritako mugarriak ezagutuz, ondorengoek hurrengo harria non pausatu oinarri bat izan dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA