[Itsaso Zubiria Etxeberria] Sagarrondoen aurtengo uzta dastatzeko egunak kontatzen ariko zarete irakurle asko. Ez omen da sagar urtea izan eta tokatuko zaigu hango eta hemengo barietateen zukua edatea, baina gustura ibiliko gara upel artean. Nora jo ez dakienak laguntza du Sagarrondotik gehigarrian, sagardotegien gida jarriko baitizuegu eskura, telefono eta helbideez gain, sagardotegi bakoitzaren berezitasunak azpimarratuz.
Sagarrak, ordea, ez du sagardotarako bakarrik balio eta ARGIA ahalegintzen da zuku guztia ateratzen eta fruta-arbola honi lotutako hainbat elkarrizketa eta erreportaje dakartza aurten ere monografikoak.
Usurbil, Astigarra eta Hernanitik harago ere makina bat sagar badago! Garazi Zabaletak Baztanen topatu du “sagarraren azken mohikanoa”. Hala esaten diote, “zuhaitzak landatzen dituen gizona” deitzen ez diotenek, Pello Mendikoa Maritorenari. Harekin eta hari erreleboa eman dioten Xabi Torres Letona eta Mirentxu Mendikoa alabarekin egon da kazetaria, sagarraren aitzakian hamaika istorio jasoz. Horratx aurtengo lehen fruitua.
Eduardo Zubiriarekin egindako elkarrizketa da bigarren gozokia. Bada sagardogintza eta artea lotzen duenik eta Jon Tornerrek aurkitu du Imotzen. Zuhaitzen txertaketa-lanak, 1.000 metrotik gorako altueran loratu eta fruta eman dezaketen barietateak eta sagarrarekiko pasioa izan dituzte hizketagai, baita bere sorkuntza lanak ere. Nola uztartzen diren? Elkarrizketa irakurtzeko gonbita hemendik.
Eta badakigu sagardoa aspaldiko zukua dela, arrantzaleek Ternuarainoko bidaietan eramaten ei zuten edaria zela eta itsasaldian eraso zezakeen eskorbutoari aurre egiteko C bitamina zuela. Baina hitza bera, sagardoa, noiz agertzen da idatzita? 1646ra garamatzan prentsa-artikulu bat bilatu du Jon Tornerrek Sagardoetxea museoaren dokumentazio basean ikusmiran. Nork eta nola aipatzen ote du, baina, sagar-zukua?
Hori eta gehiago jakiteko argitaratu du aurten ere ARGIAk astekariaren zenbaki honekin batera iritsi zaizuen Sagarrondotik. Gozatu 2022ko uztaz!