Multinazionalen menpeko sare sozialen erreferentziak kendu ditugu ARGIAtik

Axier Lopez
0

Twitter, Youtube, Facebook, Instagram, Tik Tok, Spotify… Doako zerbitzuak dira, erabiltzaileok oparitzen dizkiegun informazio, albiste, bideo, argazki, abesti, bizitza pertsonaleko datuekin… aberasten direlako. Ez dira sare neutroak, gure datu pribatuen merkantilizazioa dute oinarri, eta haien algoritmo pribatu eta opakuek erabakitzen dute pantailan zer agertzen zaigun. Helburu bakarra dute: erabiltzailea ahalik eta denbora gehien haien plataforman geratzea, ahalik eta publizitate gehien ikus dezan, eta enpresak erabiltzailearengandik ahalik eta informazio gehien atera dezan. Doakoak dira, gu geu garelako salgaia.

Halere, gaur egun pertsona askok sare horien bidez bakarrik erabiltzen du Internet. Are gehiago, politikari eta kazetari gehienentzat, sare sozial handi horietan jarraitzaile asko izatea bere lana legitimatzeko irizpide bihurtu da.

Baina kontraesana ezin saihestu: gizartea eraldatu nahi duen hedabide batek jendea dagoen lekuetan eragin behar duenez, eta jende mordoa sare sozial komertzialetan aritzen dela jakinda, zer egin?

Uko egitea aukera bat da, baina momentuz sare libreetan ez dabil hainbeste jende. Orain arte ARGIAk sare guztietan (libre zein menpekoetan) du presentzia, baina horrek ez du kontraesana arintzen. Beraz, zer egin bitartean?

Martxoan euskal fedibertsoko topaketetan Kataluniako Fedicat eta LaLoka kolektiboko Rita Barrachinak eta Marcel Costak oso pista interesgarriak eman zituzten, gure proiektuen barruan “sare publizitario asozialei ikusgarritasuna kentzeko”. Haien proposamena da Résistance à l’Agression Publicitaire talde frantziarrak 2016an erabaki zuenari heltzea.

Irailaren 16an, software askearen nazioarteko egunarekin bat, proposamenari heldu eta ARGIAren euskarrietatik (aldizkaria, webgunean, iragarkietan, gehigarrietan, karteletan…) multinazionalen menpeko sare sozialen erreferentzia oro kentzea erabaki dugu.

Momentuz erabili, baina haiek sustatu gabe

Sare sozial horiek erabiltzen ditugu guk geuk kontrolatuko komunikazio-bideetara bideratzeko (Argia.eus, email buletinak, Telegram kanalak…). Baina horrek ez du esan nahi multinazionalen menpeko sare sozial horiek sustatu behar ditugunik, ARGIA Jendea sare pribatu horietara bideratu behar dugunik. Beraz, zergatik agertu behar dira gure webguneetan Youtube edo Instagramen logoak? Zergatik kazetariaren sinaduraren azpian Twitterreko erabiltzailea jarri?

Multinazional teknologiko horiek egun daukaten botere izugarria lortu dute, hein handi batean, leku orotan presentzia dutelako, euren logo, widget, eta abarrekin. Beraz, zergatik doako publizitatea egin burujabetzaren (teknologikoa barne) aurka egunero lan egiten duten horiei?

Alternatiba libreetara gero eta jende gehiago batu eta sustatu bitartean, ez diezaiegun bada, publizitatea eman, eta jarrai dezagun indartzen gaituen indartzen: kazetaritza independentea.

Hau bezalako urrats gehiago egiteko zure ekarpena ezinbestekoa da: egin ARGIAkoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA