Ondorengoek gozatuz irakur eta idatz dezaten

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Seme-alabek Gabonetan oporrak dituztela, zuk lana, eta irakasle hippie batzuk dituztenez egun horietarako etxeko lanik edukiko ez dutelako haserre zaude? Aiton-amonek bilobei bazkaria ematea beste lanik ez dutela eta haurrak mahaian eserarazi eta ordubete lanean jartzeko tarterik topatuko dutela sinetsita zaude? Ez izan zalantzarik eta eskuratu lehenbailehen Hizki Pizti jolas pedagogikoa! Etxeko txikien irakurtze- eta idazte-prozesuaren lehen pausoetan laguntzeaz gain, Euskal Herriko animaliak ezagutzeko aukera eskainiko dizu.

Liburua edo luma eskuan duen jendea irudikatzen dut gizarte osasuntsu batean. Idazteak edo irakurtzeak irekitzen duen sormen bideaz gozatzen duten herritarrak. Heldu, haur eta gazte. Irakurtzeko eta idazteko zaletasuna, baina, txikitatik landu beharrekoa da. Gozamenetik landu beharrekoa. Gozamenetik bizi dutenen erreferentziak emanez, etxetik hasita.

Haur Hezkuntzarekin batera hasten da irakurketa eta idazketaren abentura zirraragarria, gure bizitza osoan ezinbestekoa izango duguna elkar komunikatzeko, informazioa eskuratzeko edo zabaltzeko, etengabeko prestakuntzarako eta eguneroko bizitzarako. Baina prozesu hori umeek modu jostagarrian egin dezaten helduon eginkizuna da. Horregatik, haurrentzako erakargarria eta bizia izateko asmoz sortu dute baliabide hau, eta, gainera, Euskal Herriko animalien ezagutza handitzeko balio du. Iñaki Sanz-Azkue, Amaia Egidazu, Eñaut Aiartzaguena eta Lore Erriondoren lana eta jakintza daude produktu honen atzean.

Natura eta kultura uztartuz
Karta-jolasa da. Jolasak, hobe esateko, hamaika baitira eskaintzen dituen aukerak. Kaxan badatoz zenbait proposamen, baina imajinazioari leihoa irekiz gero, nahi adina modutara jolas egin ahal izango duzue. Hizki larri eta txikiak daude karta bakoitzean, eta berauei lotutako Euskal Herriko animalia bat ere bai.

Horrez gain, kanala ere sortu da interneten, eta bertan material pedagogikoa topatuko dugu, lagungarri: hizkien ahozkotasuna lantzeko, ipuin, kanta, olerki, bertso, kontakizun, aho-korapilo, esamolde eta antzerakoen ikus-entzunezkoak, animaliak margotzeko materiala, irakurketa-idazketan sakontzeko erremintak…

3 urtetik 7-8 urteko haurrengan pentsatuta sortutako materiala da. Ikastetxeetan bezala etxean erabiltzeko prestatua. Gure erronka da etorkizuneko irakurle eta idazleak heztea, eta egin dezagun modu jostagarri eta erakargarrian, piztu diezaiegun liburuari edo lumari heltzeko grina eta egin dezagun gure ingurua ezagutuz eta euskaraz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA