Jendearen joan-etorriak

argia
0
Reyes Ilintxeta Boliviako txolita eskalatzaileekin, aurtengo maiatzean. Argazkia: Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Uste dut maite ditudala erreportaje potoloak bainoago elkarrizketak, mintzatzen delako, zeharka, historia oso batez, historia txikietatik. Reyes Ilintxetaren Jendeak ataleko entrebistek sarri eraman naute elkarrizketatuaren etxeko sutondoraino eta ezagutu ditut kontatzeko asko zuten pertsonak. Baina bukatu ditu hemengo lanak Ilintxetak eta berarekin hitz egin dugu, Amets Arangureni lekukoa pasa berritan.

Nafarroa inguruko jendeak ezagutzeko atea irekiko zuen norbaiten bila zebiltzala egin zion Xabier Letonak lan honetan hasteko proposamena, duela jada hamahiru urte. 2011ko maiatzean hasi zen eta, oker ez badago, 192 elkarrizketa egin ditu ordutik –kontatu ditu etxean ondo gordeta dituen aldizkariak, audio eta argazki guztiekin batera jasoak–. “Niretzat plazer bat izan da urteotan guztiotan elkarrizketa hauek egin ahal izatea ARGIA bezalako erreferentziazko hedabide batean”, azaldu digu. “Beren etxeko ateak ireki dizkidate beraietako askok, beren toki intimoenetan sartzen utzi didate eta une bereziak sortzen dira”, esan digu, elkarrizketatutako pertsona horiei esker onez. “Gainera, nik nahi izan ditudan pertsonak elkarrizketatu ahal izan ditut, zerbait interesgarria zutelako hautatu ditut eta abiapuntu hori kazetariarentzat izugarria da; horrela lan egiteko askatasuna eta aukera izatea luxu bat da, ARGIAk eskaini didan luxu bat”, azpimarratu du.

Denbora asko baloratzen duenetakoa da Ilintxeta. Denbora hartu duena elkarrizketa bakoitza prestatzeko, denbora hartu duena pertsona horrekin lasai hitz egiteko, elkarrizketari zukua ateratzeko, gero irakurleak patxadaz irakurtzeko mamia eduki zezan.

Euskarabidea eta hemendik aurrerakoak
Jendeak atalaren lekukoa pasata, momentuz bukatu ditu kolaborazio lanak ARGIAn; baita Euskalerria Irratiko 32 urteko ibilbidea ere. Euskarabidean ariko da hemendik aurrera lanean, “euskarari beste ertz batetik bultza nahian, administrazioan eta gobernuan ere bai baitago zer eginik”, azaldu digu. Buru-belarri horretan zentratuta, Ilintxeta kazetaria Diario de Noticias-en eta Zer Berri aldizkariko kolaborazio txikietan irakurtzen jarraitu ahal izango dugu.

Milesker paperera jende hori guztia ekartzeagatik, Reyes, plazera irakurleona izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA