Hasi da Pantailaldia. Gaurtik maiatzaren 15era arte iraungo duen ariketa kolektiboa, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa eta ekoizpena sustatu eta erakundeak mugiarazteko. ARGIAn ere horretan gabiltza, eta bat egin dugu egitasmoarekin.
András Kornai hizkuntzalariaren ikerketa batek dio munduko hizkuntzen %5 baino ez dagoela interneten, eta, gizarte honetan, gainontzeko hizkuntza guztiak heriotzara kondenatuta daudela. Gaizka Arangureni beste hau irakurri genion: “Postmodernitatean pantailak dira transmisio bitarteko hegemonikoa, eta beraz, pantailara iritsiko ez den kultura edo hizkuntza galdu egingo da”.
Euskarak, hortaz, pantailak (ere) beharko ditu.
ARGIAn sinesten dugu euskarak ikus-entzunezkoen mundu zabalean duen presentzia hobetu beharra dagoela, eta horretan lanean ari gara. Argia.eus-en biltzen ditugu euskaraz sortu zein azpititulatutako edukiak. Beraz, animatu nahi zaituztegu gure dokumentalen atariko 565 edukiren katalogoa kuxkuxeatzera. Euskarazko dokumentalen kanalik handiena da.
2022ko azaroan antolatu zen lehen Pantailaldia; hura ere, Euskaraldiaren atarian. Urte hartan eman genion Pantailak Euskaraz mugimenduari kanpainarik onenaren ARGIA Saria, eta, tartean haien lanari esker, euskarak ikus-entzunezkoetan bizi duen egoera lehen baino hobea dela esan dezakegu. Multinazional handiek, plataformek, 2022an ez bezala, azpidazten eta bikoizten dituzte film eta telesailak.
Zenbakietan oraindik asko dago hobetzeko, baina are esfortzu handiagoa egiteko aldian gaude: ohiturak aldatu behar dira. Harpidedunei aste honetan etxeetara helduko zaizuen astekarian horretan jarri dugu fokua; Pantailaldiaren aitzakian, oinak lurrean ipini eta analisiak jaso ditugu. Hemen aurreratzen dizuegu aste honetako azala:
Bide batez, aste honetan ARGIAren kanalean ikus ditzakezuen zenbait dokumental proposatu nahi dizkizuegu:
Egunez egun eutsi behar diogu ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzeko ohiturari, eta horretarako, ARGIAn gure aletxoa jarri eta eskaintza zabaltzen jarraitu nahi dugu. Zuk ere euskarazko ikus-entzunezkoak sustatu eta kazetaritza independentea bultzatu nahi baduzu, egin ARGIAkoa.