Leiho berri bat injustizia bistaratzeko

argia
0
Inor ez da ilegala proiektuak webgune propioa dauka hemendik aurrera.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ez dut gaur egun kamiseta edo arropa aldarrikatzaile gehiegi ikusten soinetan. Akaso iraganeko nire iruditerian gehiago dira, orduan ere benetan zirena baino, baina horixe dut sentsazioa. Izan zen bolada bat, esango nuke bi garaien tartekoa, hasi ginena trapu horiek lotarako edo kirola egiteko erabiltzen. Orain, ordea, paseatzera ateratzen gara 8.000koak egiteko moduan jantzita eta hor ez du lekurik presoak, AHTak edo erraustegiak. Dena den, bada esaldi bat behin eta berriro gurutzatzen zaidana bidean; poltsetan, jertseetan, kamisetetan: inor ez da ilegala.

Kalean ez ezik, orain Interneten irekitako leiho berrian zabalduko da ARGIAk eta Mbolo Moye Doole elkarteak duela zazpi urte abian jarritako proiektuaren inguruko guztia, webgune propioa sortu baitute: inorezdailegala.eus. 2018an etxe honetako Mikel Garcia Idiakez kazetariak Bilboko kale-saltzaileei egindako elkarrizketa baten harira sortu zen asmoak ibilbide oparoa darama. Kaleko saltzaileen elkartea ekonomikoki lagundu eta injustizia bistaratzeko sortu zituzten “Inor ez da ilegala”, euskaraz eta “Amul been nit ku leegalul” wolofez idatzitako lehen kamiseta gris haiek. Ordutik hona hainbat produktu atera dituzte eta salmenta bakoitzarekin egindako diru-ekarpenarekin lehenengo bost urteetan jada 35.000 euro bideratu dira Mbolo Moye Doole elkartera.

Proiektuak hartu duen dimentsioa ikusita, espazio propio bat eskaini nahi izan zaio eta sarean irekitako atari berria baliatuko da hemendik aurrera Inor ez da ilegalaren inguruko informazio guztia eguneratuta mantentzeko, proiektuaren berri emateko eta etorriko diren produktu berriak promozionatzeko.

Orain arte bezala, azoka.argia.eus helbidean produktu hauek erosita proiektua babesteko aukera izango du nahi duenak, baita sortu berri den webgunean ere. Eta aurrez aurreko erosketa nahiago duenak webgunean badu kaleko salmenta puntuak zeintzuk diren ezagutzeko aukera ‘Erosi kalean’ atalean aurkituko duen mapan.
Legeak baietz esaten jarraitzen duen bitartean, guk ezetz esaten segituko dugu ahal dugun leku guztietan; inor ez dela ilegala. Esango dugu kalean, etxean, lantokian, eskolan, eta hemendik aurrera, inorezdailegala.eus atarian ere bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA