Aroztegiako epaiketari jarraipen berezia

argia
0

 

Aroztegiako auzipetuen kontrako epaiketa gaur hasi da Iruñean. Baztango zazpi herritar kartzelara joateko arriskuan dira, Lekarozko proiektu urbanistikoaren obrak gelditzeko desobedientzia ekintzengatik. Palacio de Aroztegia SL enpresak akordiora iristeko saiakera oro zapuztu duela salatu dute, atzean 43 milioi euroko interes ekonomikoa dagoelako.

Aroztegiakoa ez da auzi arrunta. Ekintzaileen kriminalizatze saiakerari, gehitu behar zaio enpresak epaitegietako bidezidorrak bere erara erabiltzea, diru mordoa patrikaratzeko helburu hutsagatik, Xabier Letonak artikulu honetan argi azaltzen duen moduan. Gainera, lehen aldia da gisa honetako auzi batean “talde kriminalaren” akusazioa erabiltzen dela. Aurrekari arriskutsua izan daiteke ingurumenaren defentsan dabiltzan mugimenduentzat.

“Kartzelara bidaltzen bagaituzte ere, hemen egongo da herri bat erasoen kontra defendatzeko prest”, azaldu ziguten Garbiñe Elizegi, Itziar Torres eta Ernesto Prat auzipetuek, Estitxu Eizagirrek idatzitako Larrun-ean. Auzi honen oinarrian lurraren aldeko urte askotako borroka bat dago, espekulazioaren kontrakoa, eta erreportaje sakon horretan aurkituko dituzu gako guztiak.

Eguneroko kronika eta jarraipena

ARGIAn oso gertutik ari gara jarraitzen Aroztegiaren gaia. 2021ean kanpaldia egin zenean ere han izan ginen, esperientzia hura bertatik-bertara kontatzeko. Hainbeste ertz –eta pertsonaren bizitza– zeharkatzen dituen halako gai garrantzitsu baten aurrean, kazetaritza egiteko gure manera ozen aldarrikatu nahi dugu: handien eta boteretsuen aurrean, jazarritako herritarrei ahotsa ematen diena.

Horregatik erabaki dugu, erredakzioko baliabideak epaiketari eskaintzea, eguneroko jarraipena egiteko. Aste osoan ARGIAko kazetari bat dedikazio osoz izango da auzitegi barruan gertatzen denaren berri ematen, baita kanpoan Aroztegiko Elkartasun Komiteak auzipetuen absoluzioa eskatzeko antolatutako egitarau zabala jarraitzen ere. Argia.eus-en aurkituko duzue informazio guztia.

Hedabide txikia da gurea, eta ahalegin horrek seguruenik ekarriko dizkigu zenbait buruhauste, baina ziur gaude merezi duela. Gainera, horretarako gure komunitatearen babesa daukagu, milaka harpidek egiten duten ekarpen ekonomikoari esker dira posible halakoak. Oraindik ez bazara, hemen duzu aukera ARGIAkoa egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA