Aulki zaharretan aurpegi berriak

argia
0
Ane Gaztelumendi donostiarra eta Maria Ortega markina-xemeindarra, lehenengoa administraria eta bigarrena kazetaria.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Bi aurpegi berri topatu ditut aspaldian bisitatu gabe neukan Lasarte-Oriako lantokian. Bata goiko pisuan eta bestea behean, baina lehen beste norbaitzuk okupatzen zituzten aulkietan. Diosala egin didate bi emakume gazteek, atsegin, sumatzen diedan bitartean, beren buruetan, nor izango ote da hau? galdera bueltaka. Idazkaritzako lankideek egin dizkidate Ane Gaztelumendiren (Donostia, 1992) aurkezpenak eta, erredakziokoek Maria Ortegarenak (Markina-Xemein, 1997).

Erretiro eta, beraz, errelebo baten bueltan hasi zen Gaztelumendi duela urtebete ARGIAn. Idazkaritza tekniko sailean sartu da eta horrek esan nahi du kudeatu behar dituela dirulaguntzak, aurrekontuak, enpresako kontratazioen gorabeherak (direla bekadunak, langileen osasun arazoak eta zaintza…) eta tokatzen zaiola administrazioko beste hamaika lan egitea. Enpresa baten hezurdura, esan genezake. Eta horretarako, beharrezkoa da, bai behintzat ARGIArentzat, nondik gatozen denok jakitea, ARGIAren historia ezagutzea. “Lanpostu honetarako ezinbesteko informazioa da historia ezagutzea eta ari naiz poliki-poliki eta dosifikatuta, puzzlea osatzen; gainera, egiten ditugun saio eta formakuntzetan ematen diren kontakizunak oso baliagarri zaizkit”, azaldu du.

Bekadun pandemia bete-betean
Halaxe hasi zuen ARGIAko ibilbidea Maria Ortegak, 2020ko hasiera pentsaezin hartan, praktikaldia hasi berritan, etxean sartuta, etxetik lanean. Ordutik komunikazioan aritu da, gehiago edo gutxiago, kazetaritzan Berria egunkarian, AEKko irakasle hilabete batzuetan, Bertsozale Elkartean hainbat txapelketako komunikazio arduretan, baita ARGIAn kolaborazio batzuetan ere… harik eta ARGIAtik lan-eskaintza iritsi zaion arte. “Ez pentsa, izan nuen zalantzarik eskaintza heldu zitzaidanean”, aitortu du “lanagatik bainoago, lan egoera on batean nengoelako eta asko estimatzen nuelako bertan neukan ingurua eta giroa. Baina ARGIAk eskaintzen zidan nire berezko lanbidean aritzea, kazetari aritzea, eta horri ezin nion uko egin. Gainera, baneramatzan urte pare bat kazetaritzatik aldenduta, ez guztiz baina bai zati handi batean, eta gorputzak eskatzen zidan neurea zen lan honi ekitea”.

Bizkaian bizi den ARGIAko kazetari bakarra da eta, hortaz, neurri batean bizitokiak emango dio berbagaia, baina lurraldeaz aparte, kultura sailean ikusiko dugu, baita nazioarteko zenbait gaietan ere.

Haize berriek balio dezatela lantaldeari freskotasuna ekartzeko. Ongi etorri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA