[Itsaso Zubiria Etxeberria] Liburu baten gaia izan liteke interesgarria eta liburuak ez funtzionatu batere. Izan idazkera astuna duelako, bideratzeko manera trakets edo berezia, edo beste hamaika arrazoi tarteko. Ez da kasua. Bizitza baten txatalak ari da esku batean eta bestean irakurtzen, eta harrera ona izaten ari da. Busturiako (Bizkaia) irakurle klubean leitu berri dute eta autobiografiez hitz egiteko baliatu dute.
Josune Muñoz da taldearen moderatzailea. Bera izan da taldera proposamena eraman duena: “Ahalegintzen naiz, liburuaz hitz egiteaz aparte, beronen testuinguru edo kokapen bat egiten eta honek euskal emakumeen autobiografiez mintzatzeko atea ireki digu”. Arlo zehatz batzuetan pertsona garrantzitsutzat dauzkagun jendearen biografiak ditugu ezagun. Eta a zer kasualitatea askotan gizonak izatea pertsona inportante horiek! Bizitzari eta garrantziari nondik begiratzen diogun, ordea, asko aldatuko litzateke kontatu beharrekoen zerrenda ere. Eguneroko bizitzaz ari zaigu Feli Madariaga liburu honetan, bere autobiografian; eta gure kulturan ezkutatzeko ohitura dugun hainbat aspektu dotoreziaz kontatzea lortu du Onintza Enbeitak. Hala azpimarratu du Josune Muñozek: “Oso autobiografia interesgarria da, berritzailea. Gure kulturan garbikeriarako joera handia dago, trapu zikinak etxean eta ahal dela ilunpetan garbitzekoa. Felik gai delikatuez hitz egin digu, esaterako, senarraren etxera ezkondutakoan, amaginarrebak errain gazteari egiten dion ongi etorriaz eta ematen dion tratuaz”.
Autobiografia lagunduen atalean sailkatu du, zehazki, Muñozek liburua. “Bizipenak dituen pertsona bat daukagu, historia kontatzen diguna, eta kontatzeko tresnak eta baliabideak dituena, kasu honetan idazlea; ahozko kontakizuna liburu batera pasatzen duena”. Autobiografia lagunduaren formula asko erabili da mundu guztian zehar, eta horrela lortu da bestela isilean geratuko ziren hainbat kontakizun ezagutzera ematea.
Hizkuntzari ere egin dio aipamena taldeko gidariak, Enbeitak lan “bikaina” egin duela azpimarratzearekin batera: nabari da euskararen eta euskalkiaren ezagutza handia, ahozko bizkaieratik baturako prozesu horretan, lortu du bizkaiera zaporea mantentzea, ahozkotasunak dituen moldeak eta abiadurak jasotzea”.
Beti da plazera gustura irakurritako liburu baten inguruko ohar eta iritziak aditzea. Hori baino amu hoberik ez da”.