Badator ehun orrialdeko ARGIAren udako aldizkari berezia

argia
0

ARGIAren udako argitalpen bereziari azken ukituak ematen aritu gara erredakzioan azken egunotan eta jadanik makinara bidean da 108 orrialde dituen Gakoak 2026 aldizkaria. ARGIAko lankideok ilusio askorekin –eta burugogorkeria pixka batekin ere bai– hainbat hilabetez lan egin ostean, aurten ere eduki mamitsuz beteta dator.

Duela hamar urte hasi ginen Gakoak argitaratzen, eguneroko zurrunbilotik apur bat aldendu eta, erreportaje, elkarrizketa zein kroniken bidez arnas luzeagoko hausnarketak eragiteko, baita kultur proposamenei eta bestelako edukiei toki gehiago egiteko ere, aste sargori hauetan interesez eta plazeretik leitzeko modukoak.

Aurtengoan euskal drag mugimendu berriari eman diogu azala, Shu Oteroren eskutik egina. Hementxe aurreratzen dizuegu, datorrenaren erakusgarri. Barruan, Pello Maudoren objektiboarekin eta Maria Ortegaren testuekin, argazki-erreportaje ezohikoa ondu dugu gaiari buruz.

Elkarrizketa indartsuak ere badakartza aldizkariak: Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartu ditugu, eta Cîger Efrîn espetxean 30 urte egin dituen preso politiko kurdu ohiaren testigantza ikaragarria jaso dugu, batzuk aipatzearren. Hortik harago, edukiak nahieran: Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistari buruzko erreportajea; gorroto diskurtsoei nola erantzun aztertzeko mahai-ingurua; urubiaren atzetik gauez izandako abenturen kronika; izarrak ikusteko ibilbideak; kultur gomendioak; Julen Apellaren Hondartza ipuin ederra, Paula Estevezen ilustrazioekin jantzia…

Hori guztia, doan irakurtzeko moduan jarriko dugu abuztuan Argia.eus-en, kultura librean sinesten dugulako eta euskarazko edukiak ahalik eta gehien zabaltzea nahi dugulako. Baina, editorialean esan dugun moduan, irakurle orok gozatzeko egina den argitalpen berezi hau ARGIAko milaka harpiderengandik jasotzen dugun babesari esker landu dugu. Milesker bihotzez guztioi! Gakoak jasotzea eskatu duzuenoi, laster bidaliko dizuegu.

Eta oraindik ez bazara ARGIAkoa, jakin ezazu uztailaren 24a baino lehen harpidetuz gero, aukera izango duzula Gakoak etxean jasotzeko paperean, labetik atera berri eta garaiz. Beraz, ez galdu aukera eta animatu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA