[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ez naiz oso kamera zalea eta imajinatzen dut elkarrizketatu bat baino gehiago nola egongo den Daniri begira, kazetariarekin hitz egin bitartean, ezin elkarrizketan ondo kontzentratu, begi batekin bistatik galdu nahi ez-eta argazkilaria. Eta haria galdu. Eta irribarre behartua egin. Eta begiak ez ixten saiatu. Eta hitz egin, zerbait esanez, endemas. Dani Blanco gure argazkilariak, baina, pentsatzen dut beste argazkilari askok bezala, nabaritzen du tentsio hori giroan eta baditu bere teknikak, berak lasaiago lan egin eta, batez ere, elkarrizketatua patxadaz jarduteko.
Aldatu berri du bere kamera eta oso kontuan izan du helburua. Edo hobe esanda, kamerak helburu duen pertsona eta bere lasaitasuna. Zaratarik ateratzen ez duen kamera bat du esku artean eta, dio, horrekin lortu duela, elkarrizketa guztian zehar ez bada ere zenbait momentutan, “ia altzari bat gehiago izatea” eta kazetaria zein elkarrizketatutako pertsona berarekin ahaztea. “Badakit tresna hauek eskuetan izatearekin jendea urduritu dezakedala, konbertsaziotik atera, deskonektatu, eta esperientziak irakatsi dit honetarako ere denbora hartzea dela sendagairik onena”, esan digu.
Joaten azkena
Gustuko du elkarrizketa guztian geratzea, eta ahal duenean hala egiten du. Baina zergatik? “Batetik, zenbaitek denbora galtze bezala interpretatzen badu ere, nik uste kalitatean irabazi egiten dela, pertsonaren espresioa hobeto ezagutzeko denbora hartzen dudalako eta argazkiak errebisatutakoan egokiago aukeratuko ditudalako irudi naturalak; eta aditzen badut kontatzeko duena, irudiak ere horri lotuago aterako ditut, eta emaitzari zentzu handiagoa eman. Bestetik, eta hau onura oso pertsonala da, baina normalean elkarrizketak oso interesgarriak izan ohi dira eta, gainera, asko balio izaten didate euskara ikasten jarraitzeko!”, aitortu digu.
Argazki batek harrapatzen duena istant bat da, baina mila hitzek baino gehiago balio izateko Dani bezalako argazkilari ia psikologoek lan handia egiten dute atzetik. Eta emaitza astero-astero jasotzen dugu postontzian.